ARGAZKI GALERIA | Martxoaren 3an, memoria bizirik dirau gazte belaunaldietan
Urtero bezela, mobilizazio ugari burutu dira sarraskiaren ondorioz Gasteizen hil zituzten bost langileak omentzeko eta justizia eta erreparazioa eskatzeko.
45 urte betetzen dira 1976ko Martxoaren 3ko sarraskitik baina belaunaldi berriek Gasteizen memoriaren katea hautsi ez dela erakutsi dute. Hori dela eta, Martxoaren 3 plazan goizean ohikoak izaten diren ekimenez gain, gazteek eta ikasleek egitarau propioa garatu dute.
Goizean ikasleak aulariotik erdigunera abiatu dira. Gazte Blokeak Santa Barbaran egindako ekitaldiaren ondoren, hainbat langile sektorerekin batera Gasteizko erdiguneko errepide bat moztu dute. «Atzo, gaur bezala, borroka garaia» lelopean, hitzaldiak egin dituzte joan diren asteetan ere. GOIZEKO MOBILIZAZIOEN IRUDIAK HEMEN
Goizean zein aurreko egunetan burutu diren mahainguru, proiekzio, omenaldi eta bestelako ekimen horien ostean, eguneko mobilizazio nagusiari txanda heldu zaio eta kolektibo ezberdinek zutabeak antolatu dituzte Martxoak 3 plazaraino.
Azken urteotan ohitura bilakatu den bezela, Gazte Blokea Hala Bediko kantoitik abiatu da “Atzo gaur bezela, borroka garaia da” lemapean.
Bloke sozialistak, ordea, Rafa plaza hautatu du zutabearen ibilbidearen hasierako puntu gisa eta “Iraganeko ikaspenetatik sozialismora” lemapean muinotik Zaramagara abiatu da. Batean zein bestean, gazteak izan dira protagonista.
Datuei erreparatuta, gazteek arrazoi ugari dituzte kalera ateratzeko. Araban, 34 urtetik beherakoen langabezia tasa %21etik gorakoa da eta 25 urtetik beherakoen kasuan %43a gainditzen du. Lanean dauden horien lan baldintzak ere, jo puntuan daude. Arabako gazteen erdiak behin behineko kontratua dauka eta batazbesteko soldata 1000 euroak gainditzen ditu ozta-ozta. Alokairuaren batazbesteko prezioa 800 eurokoa da.
Arratsaldeko 18.00etan, omenaldia burutu da martxoaren 3ko gertakarien epizentroan eta ondoren, Gasteizko erdiguneko kaleak zeharkatu dituen manifestazio nagusia abiatu da.
Amaierako ekitaldian, sistemak eragiten dituen zapalkuntza mota desberdinak salatu dituzte: pobrezian bizi diren pertsona kopuruaren igoera, naturan eragindako hondamendiaren ondorioz migratzera derrigortuak ikusten diren pertsonak, indarkeria matxista, soldata arrakala…
Pandemiak horiek guztiak inoiz baino ageriago utzi dituela adierazi dute, baita zaintza lanen pribatizazioa salatu ere. Bizitza erdigunean jartzeko beharra aldarrikatu dute, pentsio eta lan baldintza duinak modu kolektiboan defendatuz eta interes ekonomikoen gainetik jar daitezen.
Aurtengo mobilizazioan, duela gutxi hil den Jesus Fernandez Naves izan dute gogoan. Lan arloan zein beste arlo batzuetan bere borrokak egindako ekarpena eskertu eta goraipatu nahi izan dute. Horrez gain, eskerrak eman dizkiete sarraskiaren egunean eta baita gaur egun zaintza lanak bete zituzten osasun arloko langile guztiei.
Internazionala eta Eusko Gudariak abestuta amaiera eman diote ekitaldiari.
Dagoeneko 45 urte pasa dira Gasteiztarrok hunkitu eta asaldatu gintuen langileen kontrako sarraski hartatik baina kalera ateratzeko hamaika arrazoi aurkitu dituzte milaka herritarrek.
2021ean ez du inork tiro batez langilerik hil, baina prekarietateak 8 langile hil ditu Euskal Herrian, horietatik bi arabarrak. Datuetan sakondu ezkero, egoerak ez du hobera egiten: azken hamar urteotan 564 langile hil dira beraien lanpostuetan. Hamarkadako urtez urteko datuak aztertuta, 2020 datu okerrenak dituen bigarren urtea da (76 hildako). Alegia, langabeziak gora egin eta langile ugari ERTEan egon diren urte honetan, langileen heriotza kopuruak gora egin izana ez da kasualitatea.
Martxoak 3 Elkartearen hitzetan, “hildako langileeei egin ahal diegun omenaldirik onena borrokan jarraitzea da”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!