Martxoaren 23an ospatuko dituzte Gasteizko, Aiaraldeko eta Gorbeialdeko Bulkada Egunak
Apirileko Gazte Topagunea berotze aldera, Jarrai gazte antolakundea sortu zenetik 40 urte bete direla ospatzeko Bulkada Egunak antolatu dituzte Gasteizen eta Laudion. Egun osoko egitaraua antolatu dute bi eskualdeetan.
Jarrai gazte antolakundea sortu zenetik 40 urte pasa dira eta, hori dela eta, gazte antolakunde ezberdinetan aritu diren gazte eta ez hain gazteak bildu nahi ditu Bulkada Berrien Garaia Da! ekimenak. Apirilaren 19tik 22ra Lemoan (Bizkaian) egingo den Gazte Topagunea berotze aldera, ekimen ezberdinak egiten ari dira Euskal Herriko txoko ezberdinetan.
Martxoaren 23an egingo du Aiaraldeko Ernaik Bulkada Eguna eta Gasteizen data bera aukeratu dute hiriburuko ekimena antolatzeko. Aiaraldeko kasuan, Laudion izango da egitaraua.
Gorbeialdeko gazteek Zuian ospatuko dute Bulkada eguna, bertso poteoarekin hasi eta iluntzeko kontzertuekin amaituz.
Goizetik gauera arte luzatuko dira hiru programak: Gasteizko kasuan 10:00etan emango diote hasiera egunari Landatxon antolatutako mahainguru batekin eta Aiaraldean 12:00etan hasiko da, txupinazoarekin.
Herri azoka, gazte olinpiadak, kalejira, kontzertuak, mural margotzea, haurrentzako jolasak, sortzaileen gunea, musika eta argazki erakusketa egongo dira bi eskualdeetan.
Bi kasuetan, gainera, herri bazkaria egongo da:
- Gasteizen, Auzolana pilotalekuan: tiketak Garraxi tabernan.
- Laudion, elizako arkupeetan: tiketak Txokogorrin, Mugalden, Ilargin eta Itxinan.
Ostean, ekitaldiak, manifestazioa eta kontzertuak egongo dira.
Gasteizko, Aiaraldeko eta Gorbeialdeko egitarauak
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!