Manifestazioa eta herri eskolak Gasteizen, urriaren 12ko jai egun arrotzean
Urriaren 12ko jai egun arrotzak alternatiba ezberdinak izango ditu Gasteizen. Herri eskola bateratuak ospatuko dituzte goizetik Errekaleorren; 13:00etan, manifestazioa egingo dute, Kataluniarekin elkartasunez. Hala Bedin ere normal funtzionatuko dugu eta egunaren jarraipena egingo dugu.
Urriaren 12an Espainiako indar armatuen eguna ospatzen dute. Hala ere, ospatzeko ezer ez dagoela uste dutenak asko dira. Hauetako batzuk, ikasleak dira eta aspalditik antolatzen dituzte herri eskolak: ikastola ezberdinetan, denak batera gune batean bilduz… Baina aurtengo testuinguruak beste ezaugarri batzuk ditu, besteak beste, Katalunia eta 78ko erregimenaren gainbehera.
Hori dela eta, herri eskoletaz gain aurten manifestazioa egongo da Gasteizen. “Demokrazia” lemapean sinatutako kartelean ikus daitekeenez, 13:00etan manifestazioa aterako da Andra Maria Zuriaren plazatik abiatuta. Antolatzaileek sare sozialetan iragarri dutenez, manifestazio zaratatsua izango da eta txiribituak edo zarata ateratzeko bestelako elementuak eramateko eskatu dute.
Oraingoan, herri eskolak ez dituzte ikastetxe ezberdinetan ospatuko ikasleek. Ikasle Altxak antolatuta, zentro batera mugatuko dira egitaraua aurrera ateratzeko; gune hori Errekaleor Auzo Askea izango da. Ekitaldia, marxismoa, feminismoa, antiespezismoa eta aisialdia lantzeko tailerrak, herri bazkaria, asanbladak… egongo dira 10:00etan abiatuko diren eskoletan.
Hala Bedin ere, normaltasuna nagusi
Urriaren 12an normal funtzionatuko dugu Hala Bedin. Mobilizazioen, herri eskolen eta bestelako ekimenen berri emango dugu sare sozialetan eta webgunean. Irratsaioek ere, normal funtzionatuko dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!