Manifestazioa deitu dute Arabako metalean, otsailaren 19rako
Patronalak hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta duela salatu dute. Otsailaren 14ko bileran egoera aldatuko ez balitz, lanuzteak eta grebak iragarri dituzte Arabako metalean.
Arabako metalean manifestazioa deitu dute datorren larunbaterako, otsailak 19, ELA, CCOO eta LAB sindikatuek (gehiengo sindikala osatzen dute) eta USO, ESK eta CGT batu egin dira deialdira. Hiru urtez luzatu den hitzarmenaren negoziazioa blokeatua dauka SEA patronalak. Otsailaren 14an bilduko dira berriro bi aldeak, eta ordurako egoera desblokeatu eta beharrei erantzungo dieten neurriak hartzea eskatzen diete sindikatuek. Hala ez bada, lanuzte eta grebak iragarri dituzte datozen hilabeteetarako.
Sektorearen egoera oso prekarioa da, sindikatuek azaltzen dutenez: “bizitzaren garestitzeari aurre egin ezin dioten soldatak, lanaldi oso luzeak, malgutasun handia, kontratazioan iruzurra, azpikontratazioaren erabilera eta abusua, ABLEak, emakumeak diskriminazioa sektore maskuliniztuan, istripuak eta egungo garaietare egokitzen ez diren baimenak” dira, oro har, sektorea ezaugarritzen duten errealitateak.
Egoera horren aurrean, aldarrikapen zehatzak aurkeztu zizkieten abendu amaieran patronalari ELA, CCOO eta LABek . Horiek dira, besteak beste, KPIaren gaineko soldata-igoerak, lanaldiak murriztea, azpikontratetako langileentzako subrogazioa, kontratazioko iruzurraren eta behin-behinekotasunaren aurkako neurriak, berdintasuna eta lan osasuna bermatzekoak.
Urtarrilean hilabeteko epea eskatu zien SEAk proposamenari erantzuteko, eta otsailaren 14an bilduko dira berriro. Testuingurua ez da lasaigarria: hiru urte baino gehiago daramate Arabako metalean sektoreko hitzarmena negoziatzen, eta patronalak negoziazioa blokeatuta duela eta geldirik dagoela salatzen dute sindikatuek. “Otsailaren 14ko hurrengo bileran, espero dugu SEAk taktika aldatzea, immobilismotik ateratzea eta sektorearen beharrei erantzun egokiak emango dizkien plataforma bat aurkeztea”, adierazi dute ordezkari sindikalek.
Gauzak horrela, sektorearen baldintzak aldatzeko beharra gizarteratu eta indar erakustaldia egin nahi dute otsailaren 19ko manifestazioan. Izan ere, 25.000 langile daude egun sektorean, eta horiei guztiei eragiten die egoerak. ELA, CCOO eta LAbek deitutako Arabako Metalaren Hitzarmenaren aldeko manifestazioarekin eta aurkeztutako aldarrikapen taularekin bat egin dute USO, ESK eta CGT sindikatuek ere, eta hainbat enpresa batzorde atxiki dira, hala nola: Mercedes eta azpikontratak, Tubos Reunidos, Fiasa, CIE Automotive, Atusa, Gestamp Arasur, Condesa, SNA Europe, JEZ, Inauxa eta Amurrio Ferrocarril y Equipos.
Iragarri dute, azkenik, egungo blokeo-egoerak bere horretan jarraitzen badu eta planteatutako aldarrikapenei erantzun egokia ematen ez bazaie, datozen hilabeteetan lanuzteak eta grebak izango direla Arabako metalgintzan.
Arratsaldeko 17:30etan hasiko da mobilizazioa Bilbo plazan. Parte hartzera gonbidatu dituzte “sektoreko langileak eta herritarrak oro har”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!