Makroerresidentzien eta pribatizazioen aurka egin du Itaiak, eta Aldundia seinalatu du
Zaintza sektorearen egoera salatu zuen Itaiak Arabako Foru Aldundiaren plazan, ostiralean.
Sektoreko langileek pairatzen dituzten miseriazko lan baldintzak ikusarazteko, testigantzak jarri dituzte Aldundiko plazan.
“Sektorearen pribatizazioa geroz eta agerikoagoa da. Gaur-gaurkoz, 120 plazatik gorako 7 makroerresidentzia daude Gasteizen, eta horrelako beste 3 makroerresidentzia pribatu ari dira eraikitzen, enpresa multinazionalek kudeatuko dituztenak”, adierazi du Itaiak.
Alderdi politiko instituzionalek “zaintza eredu berri baten aldeko itun publikoa konponbide gisa aurkeztu badute ere”, “errealitatean” zaintzaren merkantilizazioa indartu dutela ere salatu dute. Arabako Foru Aldundia erresidentzia publikoetako plazak murrizten ari ei da, eta geroz eta erabiltzaile gehiago ari da bideratzen makroerresidentzia pribatuetara.
Etekin ekonomikoa helburu duten enpresa pribatuek sektoreko emakumeak “lan baldintza miserableetara kondenatzen dituztela” ere ohartarazi dute: “ez dagozkien lanak, ratio altuak, eta zerbitzu minimoen ezarpena dela-eta, grebarako eskubide politikoaren urraketa, besteak beste”.
“Horren aurrean, etekin ekonomikoa helburu duen zaintza ereduaren aurka borrokatu eta guztiontzako kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak bermatuko dituen gizartearen eraikuntzarako aurrera pausuak ematea urgentziazkoa zaigu”, aldarrikatu du Itaiak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!