Maialen Mazonen ustezko hiltzailea espetxeratu dute
Epaileak fidantzarik gabeko behin-behineko espetxealdia ezarri dio Jaime Rocari, Maialen Mazon 32 urteko emakume gasteiztarraren hilketa matxistaren ustezko egile gisa. Akusatuak deklaratzeari uko egin dio. through Alea.eus
32 urte zituen eta haurdun zegoen. Maialen Mazon zuen izena. Ustez, bere bikotekide ohiak hil zuen larunbatetik igandera bitartean, alaba txikiaren aurrean; bere gorpua igandean aurkitu zuten, Gasteizko apartahotel batean.
Ustezko hiltzailea Jaime Roca da, 33 urteko enpresari valentziarra. Emakumea “muturreko arriskuko biktima” gisa katalogatuta zegoen, eta ustezko hiltzaileak urruntze agindua zuen ezarrita Torremolinoseko epaitegi baten eskutik. Hala ere, Ertzaintzak urtarriletik zekien urruntze agindua urratzen ari zela; Segurtasun Sailaren arabera, biktimak “adostasunez”. Azken asteetan biktimaren arrisku maila berraztertzen ari ziren.
Igandean bertan Guardia Zibilak atxilotu zuen Zaragozan, AP-68 errepidean, taxi batean Valentziara ihes egiten ari zela. Astelehenean ekarri zuten Gasteizera, polizia eginbideak egitera, eta Ertzaintzak Gasteizko Guardiako Epaitegira eraman du astearte honetan, 18:00ak aldera.
Gizonezkoak deklaratzeari uko egin ostean, epaileak espetxeratzeko agindua eman du, behin-behinean eta fidantzarik gabe, hilketa matxistaren ustezko egiletza egotzita.
“Errespetua”
Josu Erkoreka Segurtasun sailburuaren atzoko agerraldi polemikoaren eta Mugimendu Feministaren kritika gogorren ostean, biktimaren familiak “errespetua” eta “erabateko intimitatea” eskatu du gaur, hedabideei zuzendutako ohar batean: “Ez ditzagun errudun gehiago bilatu ekintza latz hori egitea erabaki zuen pertsonatik harago. Ez litzateke bidezkoa, ezta etikoa ere”, adierazi dute senideek.
Horrekin batera, “bihotzez” eskertu dituzte Gasteizko herritarrengandik jasotako maitasun adierazpenak, bai eta erakunde guztien aldetik jasotzen ari diren laguntza “hurbil eta zintzoa” ere.
–
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!