Martxoaren 2an egongo da ‘Errementari’ filma zinemetan
Sitgeseko Zinema Fantastikoaren Nazioarteko Jaialdian eta Donostiako Beldur Festibalean aurkeztu ostean, martxoan egongo da Paul Urkijo zuzendari arabarrak ekoitzitako pelikula gure aretoetan. Jose Miguel Barandiaranek 1903an idatzitako ‘Patxi Errementaria’ ipuinean oinarrituta dago.
Gorde data: 2018ko martxoaren 2a, ostirala. Paul Urkijo zuzendari arabarraren ‘Errementari’ pelikula estreinatuko dute zinemetan egun horretan. Hala ere, ez da egingo duten lehenengo estreinaldia. Sitgeseko Zinema Fantastikoaren Nazioarteko Jaialdian aurkeztu zuten filma eta Donostiako Beldur Festibalean ere egon zen ‘Errementari’.
Alex de la Iglesiak ekoiztutako filmak harrera ona izan du bietan, eta lehendabiziko kritikak onak izan dira. Gainera, bere lehen saria eskuratu du, eta zinemari lotutako online hedabideen elkartearen aipamen berezia jaso du, banatzen diren Urrezko Blogos sarietan.
‘Errementari’ Urkijo zuzendari arabarraren lehen film luzea da, eta Kandido Uranga eta Eneko Sagardoy aktoreak dira pelikularen protagonistak. Urkijoren lanak Jose Miguel Barandiaranek 1903an idatzitako ‘Patxi Errementaria’ ipuinean oinarritutakoa da, eta hainbat berezitasun ditu. Batetik, genero fantastikoaren aldeko apustua, eta euskal kutsu folkloriko eta historikoa du. Bestetik, euskara hutsean grabatu da, eta Araban hitz egiten zen euskalkia berreskuratu du.
Zehazki, XIX. mendean Araban hitz egiten zen euskara da erabili duena. Euskalki hori berreskuratzeko eta ulergarri egiteko, Koldo Zuazo hizkuntzalari eta ikertzailearen laguntza jaso du Urkijok. ‘Arabako euskara’ liburuaren egileak euskalki horren ibilbide historikoa eta egungo euskararekiko duen aldea aztertu ditu, Gorka Lazkano itzultzailearen laguntzarekin.
Pelikula Arabako zenbait lekutan grabatu da, besteak beste, Korres, Antoñana, Kanpezu eta Miñaon. Bizkaian (Ubiden) eta Gipuzkoan ere filmatu dira zenbat irudi.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!