Lyrsa enpresak Araiako bi langile kaleratu dituela salatu dute
LAB sindikatuak salatu duenez, azken hiru urtetan Lyrsak zortzi milioi euro baino gehiago banatu ditu dibidenduetan. Hala ere, arrazoi ekonomikoak eta koronabirusaren krisiaren ondorioak argudiatu ditu enpresak bi langile kaleratzeko. through Alea.eus
Frantziako Derichebourg enpresen multzoak Lajo y Rodriguez, S.A. (LYRSA) erosi zuen urtarrilean. Salerosketaren dokumentazioa izkutatu zaiela salatu dute Araiako fabrikako langileen ordezkariek; hala ere, sozietate frantsesak bi urtez plantillari eusteko konpromisoa hartu zuela dio LAB sindikatuak.
Hala ere, gutxienez bi langile kaleratuko dituela salatu dute. Sindikatu abertzalearen arabera, enpresan 24 eta 10 urte zeramatzaten langile hauek, eta orain, arrazoi ekonomikoak argudiatu ditu zuzendaritzak erabakia hartzeko. Gainera, erabakia Covid-19ak eragindako krisiarekin lotzen duela dio sindikatuak.
2017tik enpresak zortzi milioi euro baino gehiago dibidenduetan banatu dituela ziurtatu du LABek, merkataritza erregistroaren datuen arabera.
Kaleratze hauen ustezko benetako arrazoia mahai gainean jarri du sindikatuak: “Irabaziak hobetu nahi dituzte denbora gehien daramaten eta soldata hobeak kobratzen dituzten langileen kontura; horrela langile berriak kontrata ditzakete miseria bat ordainduta”.
Albiste hau Alea.eus atarian argitaratu da eta Creative Commons lizentzia erabilita ekarri dugu gurera.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!