“Lurraren defentsan, Euskal Herria bizirik!” lelopean, manifestazio nazionala deitu dute maiatzaren 20an Gasteizen
Arratsaldeko 18:00etan abiatuko da manifestazioa San Anton plazatik.
“Trenbide proiektu eta azpiegiturak, zentral eolikoak edo fotovoltaikoak eta horiei dagozkien banaketa-lineak, erraustegiak, negutegi industrialak eta animaliak hazteko ustiapen intentsiboko fabrikak”. Horiek guztiak agertzen dira Euskal Herriko mapan, dagoeneko martxan edo etorkizunean gauzatzeko, Euskal Herria bizirik! plataformak ohartarazi duenez. Otsailean aurkeztu zen plataforma, eta Euskal Herri osoko dozenaka kolektibo biltzen ditu, azken hilabeteetan tokian toki “proiektu suntsitzaileen aurka” borrokan dihardutenak. Orain, nazio mailako manifestazio batekin egingo dute protesta.
Proiektu horiek guztiak “suntsitzaileak” direla salatu du plataformak eta landa eremua eta natura izango direla kaltetuak, enpresa handiek irabaziak aterako dituzten bitartean (baita finantzazio publikoa ere). Besteak beste, Iberdrola edo Blackstone putre funtsa daude proiektu horien atzean.
Politikariei eta administrazioari egotzi diete enpresa handien interes ekonomikoa lehenetsi eta legedia horien arabera moldatzea. Horren adibide dira Tapia Legea eta Nafarroako homologoa.
Uste dute “trantsizio energetikoa” edo “deskarbonizazioa” bezalako terminoak “edukiz hustu” direla gaur egungo “krisi ekosoziala eragin duten berberek behin eta berriz erabiltzen dituztenean”.
Horregatik, politikak aldatu daitezela exijituko dute manifestazioan, “pertsonen neurrira” egin daitezela eta “ez kapitalaren intereserako”. Zehazki, “garraio sistema sozial bat garatzea bultzatuko duten politikak, eskala txikiko nekazaritza eta abeltzaintza eredua bultzatuko duten politikak, energia berriztagarrien hedapena eta bioaniztasunaren kontserbazioa bateratuko dituzten politikak” eskatzen dituzte.
Maiatzaren 20a, aldarrikapen eguna
Manifestazioa arratsaldeko 18:00etan izango da San Anton plazatik hasita. Hala ere, egun osoko aldarrikapen eguna izango da datorren larunbata.
Alde Zaharreko Brullerias plazan, 13:00etan, Miren Narbaizak kontzertua eskainiko du. Ondoren, Yokerendan antzerkia, Pinapple Sweets dj-ak eta Arabazan elkartearen ipuin saioa izango dira.
16:00 Goizerdi txistulariekin batera poteoa antolatu dute Kutxitik. Hortik, manifestaziora 18:00etan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!