Losado proiektuak lehen erreferentzia kaleratu du
Egitasmo honen atzean Same Old, Eh!, Libe edota Lepora taldeko kide Txus Villalabeitia gasteiztarra dugu. Orain bere bakarkako proiektua jarri du martxan eta lehen erreferentzia Bonberenea Ekintzak zigiluarekin kaleratu du.
Gasteizko musika eszenan ezaguna da Villabeitia, makina bat proiektu musikaletako kide izan delako. Azkenaldia Lepora taldean ari da buru belarri Gorka Lazkano (Kashbad, Trunbo, Ziklone), Ibon Salterain (Bronze, Tutan Come On) eta Txusta (Iont) musikari eta lagunekin batera. Baina, urteen poderioz zerbait propioa egiteko beharra pizten joan zaio, beste bide bat bilatzeko eta zerbait pertsonala egiteko gogoa.
Gauzak horrela, 2018. urtean Dan “Kalamar” Ariasen Isla Cerilla estudiotara joan zen, abeslari gisa lehen probak egiteko helburuarekin. Ondoren, grabazioei ekin zien: bateriak Rafa Camisónek (Gas Drummers, The Ships, Gentemayor) grabatu ditu, Jerez de La Fronterako Setentaynueve estudioan. Baxua berriz, Atxusek (Libe, Neubat, Vice Presidentes), Gasteizko Cue Audio estudioan. Eta, azkenik, gitarrak eta ahotsak Villabeitiak berak grabatu ditu Karlos Osinaga Txapekin, Bonberenean bertan. Emaitza, 6 kantutako EP-a.
Hauek dira Losadoren lehen lanean aurkituko ditugun kantuen zerrenda.
1- Animales irracionales
2- Alguien
3- En la ciudad de la música
4- Vivir sin miedo
5- Nadie te cree
6- Cambiar
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!