LOMCE eta Heziberrik “inposatutako” azterketari planto egiten ari zaizkio
San Ignacion, Luis Elejalden, Aresketan… planto egin diote LH 6. mailako kanpo ebaluazioari. Hezkuntza Plataformen Topagunetik kalifikazio sistema “inposatu” honi planto egiteko deia luzatu zuten eta elkarlanean ari dira ikasleak, irakasleak eta gurasoak.
Martxoaren 5ean hasita eta hilabete bereko 22an amaituta, LOMCE eta Heziberriren araberako azterketak egin nahi dituzte horretarako Eusko Jaurlaritzak aukeratu dituen zentroetan. Egin baino, horretara deituta egongo dira ikasleak; izan ere, ez badira klasera aurkezten, ikasleek ez dute azterketa zertan egin beharrik.
Eta plantoak jada hasi dira. Planto egiten lehena, Aresketa izan zen Aiaraldean. Egunek aurrera egin ahala, Gasteizko hainbat ikastetxetan ere planto egin dute. Horren adibide dira Luis Elejalde eta San Ignacio.
Luis Elejalden, jarraipen handi izan du plantoak: soilik lau ikasle joan dira deituta zeuden 49etatik. San Ignacion, aldiz, 21 ikasle zeuden deituta azterketa egitera: soilik zortzi ikasle agertu dira, gainontzeko ikasleek plantoaren hautua eginez.
Aiaraldeako beste bi ikastetxetan, aldiz, LH 6. mailako kanpo ebaluazioa egiten ari dira: Latiorro eta Lucas Reyn. Hala ere, Latiorron, oso ikasle gutxi joan ziren klasera azterketa egitera. Informazio gehiago izan bezain laster albistera eguneratuko dugu.
Araban, Hala Bedik jakin duenez, 27 ikastetxe ezberdinetan egin nahi dute azterketa. Lehen Hezkuntzako 6.mailako ikasleek egin beharko lituzkete hauek. 27 hauetatik, 19 publikoak dira eta haien artean daude aurretik aipatutakoak edo Barandiaran (Amurrion), Langraitz, Luis Dorao (Gasteiz), Umandi (Gasteiz), San Martin (Gasteiz)…
Kalfikazio sistema “inposatua”
Hezkuntza Plataformen Topagunetik kalifikazio sistema “inposatu” honi planto egiteko deia luzatu dute. “Aipatutako zentroekin harremanetan gaude”, adierazi dute topagunetik. Informazioa elkarbanatu eta erantzun bat emateko klaustro eta familia-bilerak egiten hasi dira jada eta, momentuz, familietatik nahiko inpresio positiboa jaso dute. Hala ere, lau salaketa nagusi eman dituzte jakitera:
- “Zailtasun handia” dagoela nabarmendu dute, informazioa jaso eta trukatzeko batez ere.
- Ikuskari batzuen aldetik jarraipen estu eta zorrotza egiten ari diete langileei eta zuzendaritzako kideei, “kolaborazio” jarrera eskatzen eta “behartuta” daudela gogoratzen, funtzionarioak baitira.
- Familiei informazioa ukatzen edo berandu ematen ari zaiela ohartarazi dute Topaguneko kideek.
- “Berriro sekretismoa, partaidetza eza, inposizioa…”, salatu dute.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, apiriletik aurrera
Topaguneko kideek baieztatu dutenez, “inposatutako beste bi azterketa bolada etorriko dira apiriletik aurrera”. Oraingoan, DBHn izango da. ‘Pisa’ izeneko azterketa egitera daude deituta ikasleak apirilaren 16tik maiatzaren 4ra bitartean. Azterketa hau egiten duten zentro berdinetan, maiatzaren 7tik 18ra DBHko 4.mailako ikasleek errebaliden froga egitera deituko dituzte.
Konfirmatu dutenez, Araban, Samaniego (Gasteiz), Lakua (Gasteiz), Badaia institua (Langraitz) eta
Zaraobe (Amurrion), Laudioko institutuan eta Laudioko Ikastolan egin nahi dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!