Libe musika-taldearen furgonetak su hartu du, Urretxuko Poligrafo Fest-erako bidean
Onik daudela argitaratu dute sare sozialen bitartez, baina material asko galdutzat eman dute. Kontzertuari eutsi diote, hala ere.
Libe eta bere musika-taldeko kideen furgoneta erre da Urretxuko Poligrafo Fest jaialdirako bidean zihoazela. Atzo arratsaldeko 18:00ak inguruan gertatu zen ezbeharra, gasteiztarrak Urretxura zihoazenean. Furgonetak su hartu zuen Urretxuko sarreran eta Legazpiko suhiltzaileek itzali zuten sutea. Oraindik ez dakite zerk eragin zuen sua. Musika-tresna gehienak ateratzea lortu zuten taldekideek, baina kalte material handiak izan dituzte, furgoneta bera barne.
Libe Garcia de Kortazarrek berak eman du ezbeharraren berri sare sozialetan. Taldekideak onik daudela argitaratu du, eta irudietan ikus daiteke furgoneta sutan, baita galdutako material asko ere: diskoak, merchandising-a… Instrumentu gehienak berreskuratzea lortu dute.
PoligrafoFest jaialdian kontzertua eman behar zuten Libek eta taldekideek, Mice eta Señor No taldeekin batera, besteak beste. Aurreikusitakoa baino beranduago hasi arren, kontzertuari eustea erabaki zuten. Datorren asteartean bertan dute kontzertua Parral tabernan, arratsaldeko 20:30ean.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!