Ernaiko kideek eserialdia egin dute Legebiltzarraren aurrean
7 gazte epaituko dituzte 2021eko maiatzean gazteen egoera salatzeko egindako mobilizazioen harira, eta gazte antolakundeak muntaia poliziala salatu eta "gazteentzako bizitza duinak" aldarrikatu ditu. Ekainaren 4ko mobilizaziorako dei egin dute.
Hamarnaka gazte eseri dira Legebiltzarreko atariko errepidean, Ernaik deituta, trafikoa oztopatuz; eskuartean kartelak: “ez gaituzue geldituko”, “gazte borrokak merezi du” eta “ekainak 4 Bilbora” lelodun aldarriak eutsiz.
2021eko maiatzaren 7an Ernaik mobilizazioak antolatu zituen Donostia, Iruñea, Bilbo eta Gasteizen, “Larrialdi egoeran gaude. Eraldaketa soziala eta burujabetza” lelopean. Gazteen bizi baldintza “penagarriak” eta prekarizazio egoera salatzea zuten helburu, besteak beste azaleratuz enplegu eremuko prekaritatea, emantzipatzeko ezintasuna, ikasketak era duinean garatzeko oztopoak eta pandemiak areagotutako osasun mentalaren okertzea. Gasteizen eta Bilbon Ertzaintzan bortizki erantzun zien mobilizazioei: guztira 8 gazte atxilotu zituzten eta 60tik gora zauritu.
Bilbon atxilotutako 7 gazte epaituko dituzte ekainaren 15ean. Ertzaintzak eta fiskaltzak abiatutako “munataia poliziala” salatu du Ernaik. Urtebete eta urte eta erdiko espetxe zigorrak, isunak eta kalte ordianak eskatzen dizkiete, 20.000€tik gora guztira. Horren aurrean, mobilizazioa egingo du Ernaik ekainaren 4an Bilbon, 17:30ean Plaza Eliptikotik abiatuta; “gazteontzako bizitza duinak borrokatzea delitua ez dela aldarrikatzeko eta auziperatuei babesa adierazteko”.
Gazteei entzun beharrean, “Ertzaintza gu jipoitzera bidaltzea nahiago izan zuten”
Ernaik ohar batean esan du, mezu bat helarazi nahi zuela hilabeteko azken plenoan Legebilzarrean bilduta ziren agintari politikoei: “Jakin badakigu gazteon egoera prekarioa iraultzeko eta bizi baldintza duinak eskuratzeko bide bakarra, kaleak hartzea eta borrokatzea dela. Zentzu horretan mobilizaztu ginen 2021eko maiatzaren 7an. Eta egun hartan, beste hamaika alditan egin bezala, gaur hemen, Legebiltzar barruan, dauden Erkoreka, Urkullu, Mendia eta Eusko Jaurlaritzako kide guztiek gazteon aldarri eta beharrei erreparatu beharrean, Ertzaintza gu jipoitzera bidaltzea nahiago izan zuten”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!