Laudioko Gaztetxea desalojo arriskuan dagoela salatu dute
Agerraldia egingo dute abenduaren 4an gaztetxearen aurrean, 18:30ean. Udalak, bere aldetik, "alternatibak bilatzen" ari dela nabarmendu du egoerari soluzioa emateko. through Aiaraldea.eus
Laudioko Gazte Asanbladak oharra plazaratu du gaztetxea desalojo arriskuan dagoela salatzeko. Azaldu dutenez, Kultura Etxeko obrak direla eta, udalak urtarrilaren 7ra arte eman die espazioa husteko epea.
Gainera, ez diete beste espazio alternatiborik eskaini eta ez diete bertara itzuli ahalko direnik bermatu, oharrean azaldutakoaren arabera: “Lehenengo obra honetan urtebetez Kultur etxeko teilatuak eta beirateak aldatzen arituko omen dira. Denbora tarte horretan, Gaztetxea desalojatzeko agindua eman digute, eta gainera, udalak, egindako bileran argi utzi zigun ez digula bermatuko bertara berriz bueltatuko garenik. Are gehiago, obrek iraungo duten tarte horretarako ere ez digute ezer eskaintzen, 18 urte eta gero, egun batetik bestera kalean utziko gaituzte”.
Nabarmendu dutenez, honakoa ez da herriko eragile batek udalaren partetik jasotzen duen lehen erasoa. Laudioko Txosnaguneak abuztuan salatutakoa ekarri dute gogora.
Laudioko okupazio mugimenduaren “historia luzea” ere jarri dute balorean Gazte Asanbladako kideek. “Urkijoko Markesen kapera zaharra Laudioko Gaztetxea izan da azkeneko 18 urte hauetan. Hasiera batean, okupazio mugimenduaren eskaerei erantzunez udalak kapera zaharra kontratu bidez utzi zion Gazte Asanbladari, baina kontratu hori 2005etik iraungita aurkitzen da. Laudioko Gazte Asanblada izan da denbora horretan autonomia osoz espazio horren kudeatzaile nagusia, beste eragile batzuen laguntza eta elkarlanarekin batera”.
Urte hauetan guztietan gaztetxean “komunitate politiko sendo bat” eratu dela nabarmendu dute oharrean, “belaunaldi gazte eta ez hain gazteen topaleku” bilakatu delako. “Hainbat izan dira burutako ekimen eta ekintzak gazteriaren despolitizazio egoera antolakuntza erreminten bitartez gainditzeko: hitzaldiak, jardunaldiak, tailerrak, mintegiak… Hortaz gain, azken urteetan Laudioko Gaztetxea maila nazionaleko zenbait ekimenentzat azpiegitura garrantzitsua izan da”.
Era berean, “ofentsiba kapitalistaren” testuinguruan, gaztetxeek garrantzi handia dutela azaldu dute Gazte Asanbladako kideek.
Abenduaren 4an agerraldia
Gauzak hala, abenduaren 4an Gaztetxe aurrean agerraldia egingo dute, 18:30ean. Bertan azalduko dituzte egoeraren nondik norakoak. “Gaztetxea defendatzea eta EAJ-PSOEk osatzen duten udal autoritarioaren aurrean tinko mantentzea dagokigu, ez baitugu onartuko militantzia politikoaren aurkako inolako erasorik, ezta guk gestionatzen ditugun espazioen aurkako erasorik ere”.
Udalaren erantzuna
Udalak, bere aldetik, azaldu du Gaztetxea oso leku berezia dela, “ludoteka bezala”, eta horregatik ez dela hain erraza beste leku batera eramatea.
Udal Gobernutik irtenbideak bilatzen ari direla jakinarazi dute baina, aitortu dutenez, ez da erraza. “Tailer eta ikastaro gehienentzako lekuak topatu ditugu baina Laudion udal eraikin kopuru mugatua daukagunez, ezin dugu ezinezkoa dena egin, bereziki egun batetik bestera denean. Denak bere denbora behar du”.
Era berean, tokiko erakundeak nabarmendu du Lamuza Parkeko obren afera ez dela gauza berria. “Ez dugu ulertzen nola ez zaizkien arazo hauei konponbideak eta alternatibak bilatu”.
🔴🔴 ADI! 🔴🔴
LAUDIOKO GAZTETXEA DESALOJO ARRISKUAN
EAJk eta PSOEk osatzen duten udalak urtarrilaren 7an desalojatzeko agindua helarazi digu.
Honen aurrean, Laudioko Gaztetxea defendatzea beharrezkoa ikusten dugu.
LAUDIOKO GAZTETXEA AURRERA! AURREAN IZANGO GAITUZUE! pic.twitter.com/E16oPyYg0N
— Laudioko Gaztetxea (@LaudioGaztetxea) November 27, 2019
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!