Larunbatean ospatuko dute Egurfest elkartasun jaialdia Errekaleorren
Neguan etxea berotzeko egurra lortzeko elkartasun jaialdia antolatu dute Errekaleorren, egoera sozioekonomiko larrienetan bizi diren kideei laguntzeko. Egun osoko jaia izango da, tailer, hitzaldi, bazkari, kirol jarduera, musika eta guzti.
Prozesu migratorioak, espainiar atzerritartasun legearen aplikazioa, egoera sozioekonomiko larriak eta egiturazko zapalkuntza ezberdinak jasaten dituzten hainbat pertsona bizi dira Errekaleorren. Errekaleor Bizirik! proiektuak, kide horien bidelagun izateko, Harrera lantaldea sortu zuen orain urte batzuk: “Errekaleorrera bizitzera etorri nahi duen pertsona orok egiten du ongi etorri prozesua eta talde bat dago horretan laguntzeko; perfil batzuek, baina, zailtasun handiagoak dituzte -dela migrazio prozesuan daudelako, dela egoera sozioekonomiko larriagoetan daudelako- eta akonpainamendua egiten diegu”.
Lan-talde berezi horrekin askotariko arazoei aurre egiten saiatzen dira: “atzerritartasun legearekin, errolda kontuak, umeentzako eskola, janaria…”. Kasu honetan, neguan etxea berotzeko egurra lortzeko antolatu du Harrera taldeak jaialdia: Egurfest, Enbor bereko ezpalak gara! lelopean. Martxoaren 18an ospatuko dute Errekaleorren, eta egitarau zabala izango du.
Goizeko 11:00etan hasiko dute eguna, Aljeria eta Afganistango platerak egiten ikasteko sukaldaritza tailer batekin. Tailerrera joateko beharrezkoa da egurfest@protonmail.com helbide elektronikoaren bidez izena ematea.
Eguerdiko 13:30etan, Etxebizitzaren gatazka Gasteizko Alde Zaharrean hitzaldia eskainiko du Auzoan Bizi sareak. Ondoren, 15:00etan, bazkaria egingo dute. Orduan egingo da, gainera, saskien zozketa. Oraindik salgai daude tiketak Txapelarri, Parral eta Hala Bedi tabernetan.
Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, patinetan jolasak izango dira, haur zein helduentzat. Eguna bukatzeko, musika zuzenean: Zaunka, Alarma Morea, Noname Tiriti eta AFU arituko dira arratsalde osoan zehar eta 01:00etatik aurrera DJ Voldemort.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!