Langileen “odoluste etengabea” salatu dute Martxoaren 3aren atarian
Gasteizko sarraskiaren 44. urteurrenerako astebete falta denean, lan istripuek eragindako heriotzen uholdea salatu du gehiengo sindikalak, Zaramagako Martxoak 3 plazan. through Alea.eus
“Zigorgabetasun osoz hiltzen jarraitzen gaituzte, langileen odoluste etengabean”. ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek lan istripu hilgarrien datu kezkagarriekin lotu dute aurtengo Martxoaren 3a.
Greba orokorretik hilabete baino gutxiago igaro denean egin dute agerraldia Martxoak 3 plazan, Gasteizko Zaramaga auzoan; jarraian, elkarretaratzea egin dute Murgan (Aiaraldea) gertatutako azken lan heriotza salatzeko.
Duela hilabeteko mobilizazio handien inguruko balorazio positiboak albo batera utzita, urtearen hasieratik lan istripuz 14 pertsona hil direla ohartarazi dute; horrez gain, beste bik Zaldibarko zabortegian lurperatuta jarraitzen dute. Lan istripu hilgarri horietako lau Araban eman dira.
Agerraldia hasi baino minutu batzuk lehenago jakin dute beste langile bat hil dela Murgako Zorroza Gestion de Residuos enpresan, lan istripu baten ondorioz. Langile honen heriotzaren arrazoiak ikertzea eskatu dute, lan baldintzak eta lan erritmoak kontuan hartuta.
“Hiltzen jarraitzen gaituzte”
2017tik 180 dira Euskal Herrian bizitza galdu duten langileak, eta datu “ikaragarri” hauen aurrean, haserre agertu dira sindikatuak: “1976an bost langile hil zituzten, eta gaur egun, zigorgabetasun osoz hiltzen jarraitzen gaituzte, langileen odol jario etengabean”.
Halaber, langileen lan baldintzak “gero eta prekariagoak” direla salatu dute, sindikatuen arabera “irabaziak langileen osasun eta bizitzaren aurretik” jartzen direlako; zentzu horretan, “ezikusiarena” egitea leporatu diete Administrazioari, Lan Ikuskaritzari eta Fiskaltzari.
Bihar 12:00etan elkarretaratzea deitu du euskal gehiengo sindikalak Murgako Zorroza Gestion de Residuos enpresaren aurrean.
Martxoaren 3ko mobilizazioak
Ohikoa den bezala, sindikatuek antolatuko dute Martxoaren 3ko arratsaldeko mobilizazio nagusia, jendarte mugimenduekin batera. 18:30ean omenaldia egingo dute Martxoak 3 plazan, eta ondoren, 19:00etan, bertatik abiatuko da manifestazioa.
“Borroka egitea garrantzitsua bada, memoriari eustea ezinbestekoa da”, adierazi dute, Gasteizko sarraskiaren biktimentzat justizia eta erreparazioa eskatuz.
Albiste hau Alea.eus atarian argitaratu da eta Creative Commons lizentzia erabilita ekarri dugu gurera.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!