Langile bat hil zen Iruraiz Gaunan iragan astean lan-istripuan eta asteazkenean salatuko du gehiengo sindikalak
Heriotza honekin dagoeneko 69 langile hil dira Euskal Herrian aurten, iazko datu latza gaindituz. 2021ean, 68 langile hil ziren.
Joan den abenduaren 7an, 56 urteko langile bat hil zen Arabako Iruraiz Gauna udalerriko Arrieta auzoan, txalet batean eraikuntza-lanak egiten ari zela, lan istripu ez-traumatikoan.
Langilea ondoezik sentitu zen, eta ondorioz, osasun zerbitzuari abisua eman zitzaion, baina ezin izan zuen ezer egin haren heriotza saihesteko.
Hildako langilea Construcciones Tavares enpresak kontratatutakoa zen, eta obra horretarako, Construcciones y Reformas Villaredondak kontratatu zuen aurretik aipatutako enpresa.
Laneko heriotza hori salatzeko, gehiengo sindikalak elkarretaratzea egingo du abenduaren 14an, asteazkena, 12:30etan SEAren aurrean. “Prekarietatea hiltzailea. Lan-istripu gehiagorik ez!” lelopean bilduko dira.
Heriotza honekin dagoeneko 69 langile hil dira Euskal Herrian aurten, iazko datu latza gaindituz. 2021ean, 68 langile hil ziren.
Eraikuntzaren sektorean azpikontratazioaren katea gehiegi erabiltzen dela salatu du LAB sindikatuak, honek langileentzako arrisku egoerak biderkatzen dituelako eta laneko segurtasunari buruzko araudia betetzen dela kontrolatzea zailtzen duelako: “Enpresen etekina langileen prekaritatearen aurretik lehenesten duen eredu baten emaitza da hau, eta prekaritate horrek hil egiten du”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!