Lan baldintza miserableak salatzeko greba eguna UPVn
Iazko urriaren 11ko lehen grebaren ondoren, UPVko irakasle eta ikertzaileek ikasturte honetako bigarren greba eguna egin dute gaur. Irudian, Gasteizko kanpuseko errektoreordetzan eginiko elkarretaratzea.
Antolatzaileen arabera gaurko grebak jarraipen zabala izan du UPVko kanpus guztietan, eta jarduera akademikoa urria izan da ikastegi gehienetan. Fakultateen artean jarraipena desberdina izan bada ere, greba masiboa izan da ordezko irakasleen aldetik. Garrantzitsua da aipatzea langileen laurden bat ez zegoela grebara deituta (teknikariak, kudeaketakoak eta administrariak) eta beraz, zentroak irekita egon direla.
Ordezko irakasle eta ikertzaileak biltzen dituen “EHUko Prekarioen Koordinadora”-tik lortzen ari diren arrakasta azpimarratu dute eta ondorioz, errektoretza-taldeak jarrera aldatu behar izan duela adierazi dute, arazoa gutxiestetik arazoa konpondu behar dela esatera igaro baita.
Bigarren greba hau UPVn gertatzen ari den gero eta prekarietate handiagoari erantzuteko deitu dute, Espainiako USLO legea ezarri zenetik larritu baita. Okertze hori, neurri handi batean eta Koordinadora honen arabera, Eva Ferreira buru duen egungo errektoretza-taldeak egindako interpretazio murriztaileari zor zaio, batez ere ordezkapenen estaldurari dagokionez, ordezkoek gehienez 800 euroko ordainsariarekin utziz kontratu berrietan.
Hemen duzue entzungai pasa den astean Hizpidea magazinean mobilizazio hauen harira Steilas sindikatuko Patxi Azpillaga eta LAB sindikatuko Iñaki Etaiorekin egindako elkarrizketa.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!