Lan eta pentsio erreformen aurkako mobilizazio eguna deitu dute sindikatuek eta eragile sozialek
Mobilizazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko herrietan abenduaren 1ean, "Lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde. Soberanía para una vida digna" lelopean. Gasteizen, Agurainen eta Laudion izango dira hitzorduak Araban.
Mobilizazio eguna izango da Hego Euskal Herrian abenduaren 1a, lan eta pentsio erreformen aurka eta “bizitza duinaren” alde. ELA, LAB, ESK, STEILAS, ETXALDE, HIRU, CGT eta CNT sindikatuek egin dute deialdia eta bat egin dute herri mugimenduko eragileek eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak.
Bultzatzaileek azaldu dutenez, 2008ko krisiaren ondorio “lazgarriak” oraindik gainditu gabe ditugula, azkartu egin ditu covid-19ak eragindako egoerak “jada bizi genituen krisi anitzak” eta are gehiago sakondu “sistema kapitalista, heteropatriarkal eta kolonialistak eragindako zapalkuntzak”.
Argi dute, egoera hori izanda ere, botere ekonomiko eta politikoaren hautua “kapital metaketari eusteko erabakiak inposatzea dela”, bizitzak sostengatzeaz arduratu gabe. Joera politiko horren erakusle direla azaldu dute, besteak beste, Europar funtsen “baldintzapekotasun eta norabidea”, Madrilen azken hilabeteetan eztabaidagai dauden lan eta pentsio erreformak eta berdintasun politika zein politika sozialetarako aurrekontuak.
Gauzak horrela, oinarrizko aldarrikapenen alde batzeko erabakia hartu dute Hego Euskal Herriko sindiktuek eta herri mugimenduko eragileek, eta “lan, pentsio eta bizitza duinen alde” modu bateratuan borrokatzekoa: “Guzti honek, egunotan eztabaidagai diren lan eta pentsio erreformen batailan posizioa hartzera garamatza. Ez gaude prest gure bizitzak pobretu eta prekarizatuko dituzten murrizketa berriak onartzeko. Euskal Herriko feministak, ekosozialistak, gazteak, ikasleak, eskubide sozialen aldeko aktibistak, antimilitaristak eta independentistak ez gaude eszenatoki hau onartzeko prest.”
Horregatik, abenduaren 1ean, lan erreforma eta pentsioen erreforma indargabetzea aldarrikatuko dute, besteak beste. Lan guztiak “aitortu eta banatzeko neurriak” har daitezela eskatzen dute, eta pentsio sistema duina bermatu dadila, “genero arrakalarik gabekoa” eta “eros ahalmen errealari lotutakoa, propioa, publikoa eta unibertsala”. Gainera, neurri politikoak exijituko dituzte “gutxi batzuen diru eta botere gosearen gainetik, pertsona guztien bizitzak, gure herriaren eta planeta beraren biziraupena erdigunean jartzeko“.
Mobilizazioak
Manifestazioak egingo dituzte abenduaren 1ean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan goizeko 11:00etan. Gasteizen Probintzia plazan hasiko da. Agurainen eta Laudion arratsaldez egingo dira mobilizazioak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!