Labrazako herritarrek agerraldia egin dute Batzar Nagusietan, zentral eolikoaren aurka
Agerraldia egin du Labrazako Administrazio Batzarreko presidenteak Arabako Batzar Nagusietan, zentral eolikoak herriarentzat izango duen inpaktu bortitza salatzeko. Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) osatutako Aixeindar sozietateak 200 metroko altuerako 8 aerosorgailu eraiki nahi ditu herrian, Oiongo Erdi Aroko hiribildu famatutik oso gertu.
Agerraldian azpimarratu dute, besteak beste, Labrazako herriak, kontzeju irekian, ezetza eman diola proiektu industrial horri eta, “subiranotasuna eta autonomia urratzea” leporatu diote Aldundiari.
Gainera, esan dute azpiegitura hori Labrazan kokatzea ez datorrela bat Lurraldearen Antolamendurako Gidalerroekin.
Tokiko erakundea “industria eolikoaren aurka argi eta garbi” agertu den arren, proiektua aurrera doa, Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren oniritziarekin.
Ramiro González ahaldun nagusiari eskatu diote Labrazako herritarrek “errespeta eta defenda dezala ingurumena babesteko eta lurraldea antolatzeko legeria”.
Agerraldiak iraun duen bitartean, Administrazio Batzarrari babesa emanez, Labrazako eta Arabako Errioxako bizilagunek eta Arabako Mendiak Aske plataformako kideek elkarretaratzea egin dute Batzar Nagusien eraikinaren kanpoaldean.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!