Kutxabankek EAEko hainbat etxetako hipoteka-zorrak saldu dizkio funts putre bati, horietako bat behintzat Araban
Kutxabankek 2.500 zor "toxiko" saldu dizkio Irlandako Zima Finances funts putreari, eta salerosketak EAEko hainbat familia kaltetu ditu; putre-funtsak demandak aurkez ditzake, eta etxegabetze prozesuak abiatu. Stop Kaleratzeak plataformak zazpi kasu identifikatu ditu Gipuzkoa eta Araban, eta AZET Bilboko Alde Zaharreko Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi du salerosketak kaltetutako zenbait pertsona hasiak direla beraiekin kontaktuan jartzen. through Argia.eus
Kutxabankek 2.500 hipoteka-mailegu saldu zizkion pasa den uztailean Irlandako Zima Finances inbertsio-funtsari, zeina Servihabitat-ek kudeatzen duen Espainiako Estatuan. 250 milioi euroren truke, “toxiko” gisa kalifikatutako 2.500 hipoteka-zor saldu ditu bankuak; hala deitzen zaie bankuaren begietara osorik kobratuak izateko probabilitate murritza duten zorrei. Stop Kaleratzeak plataformak jakinarazi duenez, eskuz aldatutako zor horiek Espainiako Estatuko hainbat etxetakoak dira (Madril eta Málaga aipatu ditu), eta horien artean badaude EAEko etxeetakoak ere.
Salerosketaren ondorioz kaltetutako zazpi familia badaude gutxienez, horrenbeste baitira plataformak identifikatutakoak: hiru Donostian eta beste laurak Goierrin eta Gasteizen. Hala ere, ondorioztatzekoa da kaltetuen kopurua handiagoa dela. Urriaren 8an AZET Bilboko Alde Zaharreko Etxebizitza Sindikatuak sare sozialen bidez jakinarazi zuenez, Kutxabanken salmentak kaltetutako zenbait pertsona hasiak baitira beraiekin harremanetan jartzen.
“Banku guztiak ari dira zor berankorrak funts putreei saltzen, bezeroen zorraren oso azpitik dagoen prezioan. Baina Espainiako Auzitegi Gorenaren 728/2020 epaiak zordunei eragozten die beren zorra erostea funts putreari saldua izan zaion prezio irri-egingarrian. Hala, bada, bankuek eta funts putreek irabazten dute, eta hipotekatutako jendeak galtzen du”, deitoratu du Stop Kaleratzeak plataformak. Salerosketarekin Kutxabank kuotak ordaintzeko zailtasunak dituen hainbat pertsona alde batera uzten ari dela salatu du, eta gogorarazi bankuek derrigortasuna daukatela Bankuen Praktika Onen Kodea betetzekoa, etxegabetzeak ekidinez. Halakorik ez dute egin ordea eta, beraz, funts putreek “bidea libre dute etxegabetze-demandak aurkezteko eta familia kalteberak kalean uzteko”.
Era berean, plataformak Eusko Jaurlaritza interpelatu du. Kutxabanken salerosketak kaltetu dituen pertsonen egoeraren berri ba ote duen galdegin du, baita egoera zaurgarrian dauden pertsona horiei babesa eta etxebizitza nola bermatuko dien ere. Horrez gain, alderdi politikoei ere luzatu diete hitza, “bereziki EAJri eta PSEri”, Batzar Nagusietan eta udal gehienetan elkarrekin gobernatzen dutelako. Hala mintzatu zaie plataforma: “2015ean ebazpenak onartu ziren, finantza erakunde eta funts putreek estututako pertsona kalteberen etxegabetzerik gabeko lurralde eta udalerriak deklaratuz; konpromisoa hartu zuten horien aurrean bitartekari lanak egiteko, ohiko etxebizitzen kaleratzeak saihesteko. Hori bete dezaten eskatuko diegu mobilizazioaren bidez”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!