“Konponbidea ez da osasun zentroetan asistentziari murrizketak ezartzea, baizik eta giza-baliabideak eta azpiegiturak areagotzea”
Babes handia izan dute atzo, abenduak 22, Arabako Osasun Zentroetan egindako mobilizazioek, SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitutakoak. Lehen ere hilzorian zegoen Lehen Mailako Arreta lan-karga jasangaitzagatik, eta pandemiaren kudeaketak okertu egin du egoera: "arazoak egiturazkoak dira, egungo osasun-krisia baino askoz sakonagoak eta zaharragoak", salatu dute.
Elkarretaratze jendetsuak egin dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Osasun Zentroetan, SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta. Araban, Lehen Mailako Arreta defendatzeko egindako bigarren mobilizazioa izan da aste beteko epean.
Arabako Osasun Zentroen egoera “penagarria” dela azaldu dute sindikatuek, eta urteak joan direla mobilizazio eta greba bidez murrizketen berri ematen hasi zirenetik: kontratazio berrien eza, bajan edo oporretan dauden langileen ordezkapenik eza, lan-karga jasanezinak edo San Martineko Etengabeko Arreta Gunea ixtea kasu. Egoerak okerrera baino ez du egin, eta “arazoak egiturazkoak” dira, “egungo osasun-krisia baino askoz sakonagoak eta zaharragoak”. Hala ere, pandemiaren kudeaketak are sakonagoa egin du gabezia: “pandemia hau, kolektiboaren lan-baldintzak eta herritarrei eskaintzen zaien asistentzia-kalitatea are gehiago prekarizatzeaz gain, Osakidetzak murrizketak aplikatzeko eta pazienteak osasun publikora iristea zailtzeko aitzakia ere bihurtu da”.
Orain, pandemiaren seigarren olatu betean, hainbat neurri ezarri ditu Osasun Sailak. Besteak beste, “premia berezirik ez duten” Lehen Mailako Arretako kontsultak atzeratuko dituztela jakinarazi zuen Gotzone Sagarduy Osasun Sailburuak. Lehen Arretako langileek azaldu dute neurri horrek gaixotasun kronikoak dituzten pazienteen jarraipenari eragiten diola eta areagotu egingo dituela herritarren arteko osasun-desberdintasunak. Itxarote-zerrendak ere nabarmen handituko dira.
«Konponbidea ez da osasun zentroetan asistentziari murrizketak ezartzea, baizik eta giza-baliabideak eta azpiegiturak areagotzea Covidaren seigarren olatu honek dakarren jarduera osasun zentroetatik kanpo egin dadin, eta zentroek duela hilabete batzuetatik hona egin ezin duten osasuna sustatzeko eta gaixotasuna prebenitzeko jarduerak garatu ahal izan dezaten», argitu zuten Lehen Arretako Batzordeko kideek joan den astean.
Oraingoan, eskatu dute, besteak beste, osasun sailaren aurrekontua handitzea Europar Batasunaren parera iritsi dadin, plantillak eta giza baliabideak indartzea, behar diren lanpostu berriak sortuz horretarako; behin-behineko langileak finko egitea eta gehiegizko aldi baterako kontratazioak amaitzea; lan kargak arrazionalizatzea eta hutsune guztiak lehen egunetik ordezkatzea.
Mobilizazioetako argazkiak bildu ditugu jarraian, LABek helaraziak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!