Kirol tabernako lan jazarpenaren aurka mobilizatzera deitu du Gasteizko Laneko Autodefentsa Sareak
Ostiralean elkarretaratzea egingo dute 19:00etan Faroloian. Langile bati lan eskubide ezberdinak urratu izana salatu dute.
Gasteizko Laneko Autodefentsa Sareak Kirol Tabernaren aurkako elkarretaratzea deitu du ekainaren 2an, langile batek jasandako egoera ezberdinak salatzeko. Apirilean salatu zuten lehen aldiz egoera eta jakinarazi zuten, besteak beste, jabeak langilea tabernan giltzaperatuta eduki zuela, eta lanetik bota zuela ondoren.
Lan eskubide ugari urratu ditu enpresak langilearen kaltetan, LASek salatu duenez. Ordutegiak egun batetik bestera bidaltzea, hitzartutakoa baino beranduago amaitzea txanda eta berandu ordaintzea, adibidez. Langileak egoera honi aurre egin zionean eman zen aurrez aipatutako gertakaria, tabernan giltzaperatu eta lan egitera behartu nahi izan zuenekoa, “mendeku modura”.
Laneko Autodefentsa Saretik azaldu dute langilea haiekin harremanetan jarri zela laguntza eske, eta apirilean Kirol Tabernaren aurkako borroka abiatu zutela, langileak jasandakoa publikoki salatuz, alde batetik, eta jabeak zor zion dirua lortzeko “bitarteko legalak” martxan jarrita, bestetik.
Kirol Tabernako jabearen “jarrera oldarkorra” salatu du Sareak, eta ohartarazi du uko egin diola langileari zor zion dirua ordaintzeari. Bestalde, kamara bat jarri eta LAS bera judizialki salatu duela azaldu dute. Aipatu dute gainera ez dela taberna hartako langileek jasandako lehen jazarpen kasua.
Egoera salatzeko elkarretaratzea deitu dute ekainaren 2an, ostiral honetan, arratsaldeko 19:00etan Faroloian, eta bertaratzeko deia egin dute. Bestalde, azpimarratu dute “garrantzitsua dela halako enpresen jarduna ez normalizatzea eta ekonomikoki ez elikatzea“.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!