Katuko Muinoak gasteiztarrak garaile Arabako Bertso Kuadrillartekoan
Egun osoko festa izan da Laudion larunbat honetan Arabako Bertso Kuadrillarteko finala ospatzeko. Goizeko 12:00etan hasi ziren bertsotan, poteoan, giroa berotzen: idatzizko bertso-sorta taldeak eta bat-bateko taldeak tabernaz taberna aritu ziren kantuan. Arabako txoko askotatik bertaratu zen jendea, gogotsu. Ia ehun lagun elkartu ziren bazkaltzeko Laudioko institutuko frontoian. Bazkalostean, institutuan bertan, Intxixv taldeak kontzertua eman zuen eta horren ondoren, arratsaldean, jokatu zen finala. Ordurako 120 lagun inguru ziren eskenatoki aurrean eserita, saioa gozatzeko prest.
Hamau lagun igo ziren bertsotara, hiru talde: Katuko muinoak eta Errexala gasteiztarrak eta Izena pentsau bida aramaioarrak.
Kantuan aritutakoak Gasteizko Katuko muinoko Ekaitz Samaniego, Eli Zaldua, Xabier Antia eta Iñaki Viñaspre. Aramaioko Manex Agirre, Martin Abarrategi, Sabin Abarrategi eta Danel Herrarte. Gasteizko Errexala taldeko Ainara Balantzategi, Marta De Pedis, Inaxio Trojaola, Patxi Alkorta, Kerman Lopez de Lacalle eta Felipe Zelaieta. Gai jartzen Nieves Del Alamo eta epaitzen Iker Elexpuru, Oier Iñurrieta, Kristina Arteaga, Ekaitz Elorriaga, Ainhoa Aizpurua eta Aitor Jimenez.
Saio alaia izan zen, hiru taldeak aritu ziren gogotsu bertsotan eta denek jaso zituzten sari eta oroigarriak. Katuko Muinoak taldeak izabazi zuen kuadrillartekoko finala.
Aurten, guztira, 64 lagun aritu dira bertsotan Kuadrillartekoan, 16 epaile lanetan, 16 lagun gai-jartzaile beharretan, eta gainerakoak bestelako funtzioetan (kronista, argazkilari, sukaldari edota musikari). Bat-bateko modalitatean 12 talde lehiatu dira, lau ligatan. Aiaraldea, Arabar Errioxa, Mendialdea, Lautada, Gorbeialdea eta Gasteiz eskualde edo herrietakoak izan dira taldeak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!