Kataluniaren aldeko mobilizazioek ez dute etenik
Asteleheneko elkarretaratzeen ostean Kataluniako buruzagi subiranistei Auzitegi Gorenak jarritako zigorraren aurkako mobilizazioek ez dute etenik. Hurrengo egunetan ere hainbat protesta burutuko dira Araban.
“Tsunami democratic” mugimenduak emandako erantzun mobilizazio ikusgarriekin batera, herri katalanaren aldeko ekimenek ez dute etenik Araban. Atzo bertan hainbat elkarretaratze burutu ziren eta hurrengo egunetarako mobilizazio gehiago iragarri dira.
Kanpezun 40 lagun inguru elkartu ziren atzoko deialdian. “Erreferenduma ez da delitua! Askatasuna, desobedientzia” lemapean Auzitegi Gorenaren epaiaren aurka mobilizatu ziren.
Unibertistatean auziperatunetzat absoluzioa eskatu zuten
Ikasle Abertzaleakek elkarretaratzea deitu zuen Elurretan, Gasteizko EHUren kanpusean. Dozenaka ikasle batu ziren “Contra les sentencies solidaritat al carrer!” lemapean, auzipetuak izan diren buruzagi independentisten absoluzioa eskatu zuten.
Gazte manifestazioa bihar
Ernai gazte antolakundeak mobilizazioak deitu ditu biharko Hego Euskal Herriko hiriburuetan. “Ez dugu onartzen!” lemapean Altsasuko gazteen zein Kataluniako independentisten aurkako epaien aurka kaleak hartuko dituzte, “Espainiar INjustizia” salatuz.
Gasteizen 12:00etan jarri dute hitzordua, Andra Mari Zuriaren plazan. Aurretik paroak deitu dituzte Gasteizeko ikastetxeetan eta zutabe bat abiatuko da Unibertsitatetik 11:30etan. Aiaraldean ere burutuko da mobilizazio bat, 12:00etan Laudioko Lamuza plazan.
Mobilizazioek ez dute etenik
Aste osoan zehar luzatuko dira protestak Euskal Herrian. Ostiralean gehiengo sindikalak lan-uzteak eta mobilizazioak deitu ditu lantokietan. Larunbatean Gure Esku Dago-k deitutako manifestazio nazionalak Donostiako kaleak zeharkatuko ditu “larrialdi demokratikoari, erantzun bateratua” emateko. Manifestazioa 17:30etan abiatuko da Antiguatik.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!