Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketa auzitan
"Causa Especial 20907 / 2017" dokumentalaren proiekzioa antolatu du otsailaren 14erako CDR Gasteizek, Joseba Azkarragaren, Jaume Rouresen eta Andreu Van Den Eynde Oriol Junquerasen eta Raul Romevaren abokatuaren parte hartzearekin
“Causa Especial 20907 / 2017” dokumentalaren proiekzioa antolatu du CDR Gasteizek ostiral honetarako, otsailak 14, 18:00 Salburuako Gizarte Etxean.
Kataluniako buruzagi independentisten auzia aztertzeko maha-ingurua ere antolatu dute egun horretarako. Bertan Jaume Roures dokumentalaren zuzendaria, Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburu ohia eta Andreu Van Den Eynde arituko dira epaiketaren nondik norakoak aztertzen.
Andreu Van Eynde-k berak lehen pertsonan bizi izan du “proces-aren” aurkako epaiketa, bera izan baita Oriol Junquerasen eta Raul Romevaren abokatua.
Konjura judiziala auzitan
2017ko urriaren 1eko erreferendumaren aurkako epaiketa du aztergai “Causa Especial 20907 / 2017” dokumentalak, Auzitegi Gorenaren independentzia falta eta, ondorioz, akusatuen aulkian eseri ziren buruzagi independentistak epaitzeko zilegitasun eza azpimarratzea helburu. Mediaprok ekoiztutako lana da, 2018ko abenduaren 18an TV3-en estreinatua.
Dokumentalaren estreinalditik 10 hilabetera, 2019ko urriaren 15ean, Espainiako Auzitegi Gorenak espetxe zigorra ezarri zien Kataluniako 2017ko urriaren 1eko erreferendumagatik epaitu zituen bederatzi buruzagi independentistari.
Sedizio delituagatik zigortu zituen Auzitegi Gorenak bederatzi horiek: guztira 100 urteko espetxe zigorra ezarriz. Zigor handienak Oriol Junquerasi eta Generalitateko kontseilari zirenei ezarri zizkien.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!