Kalera atera dira berriz ere Arabako pentsionistak
Astelehenero elkarretaratzeak egingo dituzte pentsionistek %0,25eko ‘igoera’ salatzeko. Laudion eta Gasteizen lagun ugari bildu dira eta datozen asteetan berdin jarraitzeko asmoa dute.
Otsailaren 22ko mobilizazio masiboen ostean, astelehenero elkarretaratzeak egingo zituztela iragarri zuten Arabako pentsionistek. Argi eta garbi esan zuten orduan: “Baditugu arrazoiak borrokan jarraitzeko”. Eta horrela egingo dute datozen astelehenetan ere bai.
Gaur ere nabarmendu dutenez, “pentsio duina ez da alargunen 480 euroko gutxieneko pentsio hori, ez da bataz besteko gure 760 euroko hori”. Zentzu honetan, gutxieneko pentsioa 1080 eurokoa izatea exigitu dute Andra Maria Zuriaren enparantzan bildutako ehunka lagunek. Laudion ere, hamaika pentsionista bildu dira Udaletxearen aurrean, eskaera berdinekin.
“Ezin dugu inolaz ere onartu gure gizarteko pertsona talde zabal bati pentsioen %0,25eko ‘igoera’ ezartzea, eta, gutxienez, 2022ra arte horrela jarraituko duela mehatxatzea. Gure aurpegira barre egitea da hori”. Horretaz gain, arduradun politikoak pentsionistak baino lehenago “nekatuko” direla argi dute.
Modu berean, hiritar talde honi azken 20 urteotan pentsioak %40a murriztu izana gaitzetsi dute. “Bitartean, bankuen irabaziak handitzen jarraitzen dute, eta IBEXeko goi-exekutiboen ordainsariak %15en gehitu dira”, adierazi dute kartelak eskuetan zituzten bitartean.
Fatima Bañezen hitzak gezurtatu dituzte gaur ere: “Ahaztu zaio 2013an ez zigutela igo 2012ari zegokion %1,9ko igoera? Ahaztu al zaio 2016ko KPIaren gehitzea pentsioen gehitzea baino 6 bider handiagoa izan zela, eta 2017an 4 bider handiagoa?”. Honekin, “mozorroa” kentzeko exigitu diote Espainiako Gobernuari.
Astelehenero elkarretaratzeak egingo dituzte pentsionistek %0,25eko ‘igoera’ salatzeko. Laudion eta Gasteizen lagun ugari bildu dira eta datozen asteetan berdin jarraitzeko asmoa dute https://t.co/BDhRZze4Ec pic.twitter.com/ZK2SDfawUg
— Hala Bedi (@halabedi) March 5, 2018
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!