Judimendiko emakumeak* ere hasi dira aliantza sareak ehuntzen, martxoaren 8ari begira
Martxoaren 8a gerturatzen ari dela eta, Judimendiko emakumeek* ere “aletxoa” jarri nahi dute borroka horretan. Zaintzaren inguruko solasaldi eta dinamikak antolatu dituzte, Euskal Herriko Mugimendu Feministak botatako “Denon bizitzak erdigunean” leloa abiapuntu. Horretarko, adin eta jatorri ezberdineko Judimendiko emakumeak* aritu dira biltzen eta lanean.
Helburu bikoitza du lanketak. Batetik, “auzoko emakumeen arteko ezagutza bultzatu eta honen bidez aliantza-sareak ehundu” nahi dituzte. Bestetik, “elkarrekin” hausnartu nahi dute “gure bizitzen ardatz diren zaintzen inguruan”.
Ekintza guztietan izango da umeentzako zaintza zerbitzua. Antolatzaileek adierazi dute, bestalde, “ekintza guztiak emakume, bollera eta transentzako” izango direla.
Solasaldia
Otsailaren 24an egin zuten lehen ekintza. Sumendi Espazioan elkartu ziren, zaintzen inguruko solasaldi batean. “Elkarrekin hausnartu nahi dugu zeintzuk zainketa diren gure bizitzetan funtsezkoak”, berretsi dute.
Oihalak josteko tailerra
Martxoaren 8an 18:00etan Judimendikoak Auzo Elkartean oihalak elkartzeko tailerra egingo dute. Hilabeteak dira Judimendiko emakumeen* artean maindireak josten ari direla, tailerra prentsatzeko: “Emakumeen* indarrak elkartuz, gure arteko sareak indartuz martxoaren 8an zati guztiak batuko ditugu”.
Martxoaren 8an bertan ere izango da aukera norbere oihal zatia maindire kolektiboari gehitzeko, tailerrera joan ezin dutenentzako.
Manifestazioa
Martxoaren 8an Gasteizko Mugimendu Feministak deitutako manifestaziora joateko deialdia egin dute Judimendiko emakumeek*. 19:00etan izango da mobilizazioa, San Anton plazatik hasita.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!