Jamaikako kultura ekarriko dute Gasteizko Alde Zaharrera Trikoma, Beñaranks eta Euskal Herriko beste hainbat selektorek
Zuretzako Mezua reggae talde gasteiztarrak XIII. jaialdia antolatu du larunbat honetarako. Pintxadak egun osoan zehar, herri bazkaria, Pantx Recordsen nobedadeen aurkezpena eta Gaztetxean kontzertuak izango dira. Trikoma taldeak azken singlea aurkeztuko du, Beñaranks rap eta reggae kantariarekin batera.
2018an sortu zen Zuretzako Mezua Gasteizen, musika jamaikarraren maitaleak bildu eta kultura reggaezalea lau haizetara zabaltzeko. Azken bi urteetako pandemiaren ostean bozgorailuak eta kaleak berpizteko garaia delakoan, Zuretzako Mezua vol. XIII jaialdia antolatu dute, martxoaren 5erako. Shin Chanen abenturak eta skinhead mugimendua uztartzen dituen kartel paregabe batekin, “Ultraheroia bera boteretik kendu eta Hiroshi bat eginda etxeratzeko” asmoz.
12:00etan hasiko da eguna Kutxi kaleko Elizondo tabernan, bermuta atseginagoa egingo dute Zuretzako Mezuako selektoreekin.
14:00etan, prozesioan jaitsiko dira Hala Bedi Tabernara, bertan babarrun jana egiteko.
Ondoren, bazkalondoa girotuko dute Cervus eta Ribera Kids selektore nafarrek. Gaztetxera mugituko dira gero, 19:00etan, Bilbo Handitik iritsitako Pantx Recordseko kideek zigiluaren nobedadeak aurkeztuko dituzte eta: ‘Askatasuna kontu serioa da’ liburua (Linton Kwesi Johnsonen ibilbide poetiko eta musikala laburbiltzen dituzten 43 poema biltzen dituena), ‘Reggaean Jarrai’ diskoa (Euskal Herriko 14 taldek sortutako euskarazko reggae bilduma) eta Maeztuko Trikoma Bandaren single berria, ‘Zuretzako Mezua’, izen bereko kolektiboari eskainitakoa.
Giroarekin jarraitzeko, 20:00etan Beñaranks rap eta reggae abeslari donostiarrak bere abestietako batzuk kantatuko ditu, ‘Badet / Aberatsa edo txiroa’ 12 hazbeteko binilo berria aurkeztuz. 200 unitateko edizio mugatuko aleak eskuratu ahal izango dira.
Azkenik, harrera egingo zaie Arabako Mendialdeko handienei: Trikoma Bandarekin ‘Zuretzako Mezua’ ereserkia abestu ahal izango da Gasteizen lehen aldiz, hamarkada bateko ibilbidean zehar sortu dituzten beste kanta askoren artean.
Kontzertuen ostean, Pantx Records, Zuretzako Mezua eta Trikoma taldeko selektoreak arduratuko dira “Lehendakaria bera ere dantzan jarriko duen jardunaldiari amaiera emateaz”.
Kontzertuetako sarrerak salgai daude 5 eurotan Hala Bedi Tabernan eta Old Tower Stuff-en.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!