Jai herrikoien aldeko deia luzatu dute Hego Euskal Herriko lau hiriburuetatik
Ohar bateratua kaleratu dute Hego Euskal Herriko lau hiriburuetaan jai herrikoien alde lan egiten duten eragileek. Instituzioek baztertu dituztela eta jaiak bertan behera geratu izanaren berri prensta bidez jakin dutela salatu dute. Euskal Herriko jai batzorde guztiak "inoiz baino gehiago" jai herrikoien alde antolatzera deitu dituzte, "modu berritzaileak eskainiz".
Herri Sanferminek, Iruñako Peñen Federazioak, Bilboko Konpartsek, Donostiak Piratek, Gasteizko Blusen eta Nesken Elkarteak eta Gasteizko Txosnek bat egin dute jai herrikoien aldeko apustuan. Ohar bateratua kaleratu dute Hego Euskal Herriko lau hiriburetako jaiak bertan behera utzi izanaren harira.
Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalek bat egiten zuten iragan astean hiriburuetako jaiak bertan behera uztean, Iruñean eta Baionan erabaki berdina hartu zuten aurretik. Erabaki hauek aldebakarrez eta modu ez konpartituan hartu izana salatu dute jai herrikoien alde egiten duten eragileek. Argi utzi nahi izan dute ez direla “erabakiak bere horretan zalantzan jartzera sartuko, baizik eta erabakia hartu diren formak”.
Baztertuak izan direla adierazi dute, “ez dute gurekin kontatu” eta, udalekin etengabeko harremanetan egon diren arren, albistea prentsara bota baino minutu gutxi batzuk lehenago edota prentsa bidez zuzenean jaso izana salatu dute. Erabakiok “euren buruari begira hartu izana” leporatu diete hiriburuetako udal eta instituzioei. “Beste behin ere jai herrikoiak bigarren plano batean utzi gaituzte, herritarron parte hartzea alde batera utziz” azaldu dute.
Jai herrikoien alde, inoiz baino gehiago
Oharraren sinatzaileek adierazi dute, garai hauetan herritarrek “inoiz baino gehiago” behar dituztela jaiek ematen dituzten “alaitasuna, kolorea eta kolektibotasuna” eta, hori, “modu parte hartzailean, euskaratik, feminismotik eta jasangarritasunetik” eraikitzen jarraitzeko asmoa azpimarratu dute. Deia luzatu diete Euskal Herriko jai batzorde guztiei jai herrikoien alde antola daitezen, “osasun eta segurtasun neurri guztiekin, modu berritzailean eskaintza eginez”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!