Izen frankistak dituzten kaleen izenak aldatu ordez, testuinguruan jarriko dituzte Gasteizen
Memoria Historikoaren Plana aurkeztu du Gasteizko udal gobernuak eta “seinaleak” jarriko dituela iragarri du Urtaranek, kaleen izenak aldatu gabe. EH Bildu kritiko agertu da, eta Urtaranen “protagonismo nahia” salatu du.
alea.eus bidez
Memoria Historikoaren Plana aurkeztu du Gasteizko udal gobernuak: “Garbi dugu –esan du Gorka Urtaran alkateak– erreparazioak ez duela inola ere gorrotorik, mendekurik edo errebantxa orokorrik adierazi nahi”.
Ildo horretan, urtea amaitu aurretik, “memoriaren tokietan” seinaleak jarriko ditu Udalak, eta azalpenak jasotzen dituzten monolitoak kokatuko ditu Santa Isabel hilerriko horman, Karmeldarren plazan, Bake kalearen antzinako kartzelan eta Bihotz Sakratua ikastetxean, –atxiloketa zentroa izan zen tokian–.
Halaber, hiriko zenbait eraikinetan eta etxeetan dauden sinbolo frankistak testuinguruan kokatzeko neurriak hartuko dituzte. Hala, Andre Maria Sortzez Garbiaren katedralean eta Gobernu Ordezkariordetzan dauden armarrien esanahia azaltzeko xaflak jartzea proposatu du Udalak, eta Olarizuko gurutzearen inguruan memoriaren gune bat sortzea. Era berean, oraindik xafla frankistak dituzten jabeen auzoko elkarteei gutunak bidaliko zaizkie hil honetan, eta horiek kentzeko modua eskainiko zaie.
Planak jasotzen duen beste neurri bat da hainbat kaleren izenak aldatu ordez, deitura horiek azaltzeko xaflak jartzea: Ballester Apezpikuan, Bueno Monreal Apezpikuan, Pedro Orbean, Jose Lejarretan, Vicente Abreu Margolarian eta Luis Maria Uriarten.
Zilarrezko dominak
Bestalde, Urtaranek azaldu du frankismoan zenbait laguneri emandako hiriaren dominaren inguruan, txosten tekniko bat agindu duela udal gobernuak, domina hori kendu ala ez erabakitzeko. Adituen txostenaren arabera, Jose Maria Diaz de Mendibili, Luis Ibarra Landeteri eta Francisco Peralta Ballabrigari domina kentzeko arrazoirik ez dago; Faustino Ortiz de Zarate Beitiari, berriz, domina kenduko zaio “diktadura argi goresten” zuelako.
Azkenik, Udalak aurkezturiko planak aurreikusi du hurrengo urteko martxoaren 31n frankismoaren biktima guztiei omenaldia egitea, eta 2018rako Memoriaren Ibilbidea eta frankismoaren biktimen errolda ofiziala osatzea.
EHBildu kritiko
EH Bilduk Urtaranen “protagonismo nahia” salatu du; Memoria Historikoaren taldeko “kontsentsua alboratzea” eta “aldebakarreko erabakiak” hartzea leporatu dio ere Ane Aristi zinegotziak: “Hamar hilabetetan ezertxo ere ez egiteaz gain, mahai gainean jarritako neurriek polemika eta ezadostasuna besterik ez dute sortzen”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!