Izarrako Gaztaetxea, husteko zorian
Lehen urteurrenaren bueltan, astebururako aurreikusitako ekintzak tokiz aldatzea erabaki dute.
Alea.eus bidez
Epaiak ez du atzera bueltarik. Orain dela urtebete Izarrako San Vicente kalean okupatutako eraikina husteko behin betiko agindua jaso zuten pasa den ostiralean Gaztaetxe proiektuko bultzatzaileek, eta, hortaz, ohartarazi dute une batetik bestera heldu daitekeela kaleratzea.
Iazko Gabonetan okupatu zuen gazte talde batek garai batean gaztandegia izandako eta aspalditik hutsik zegoen eraikina; aurretik Ostuñon zeuden, Urkabustaizko Udalaren jabetzaren lokal batean. Barrualdean oinarrizko txukuntze lanak egin eta apurtuta zeuden leihoak konpondu ostean, inauteriak aitzakia hartuta, otsaila amaieran inauguratu zuten, Gaztaetxea izenarekin.
Ordutik hona lokala atontzen eta askotariko proiektuak eta ekintzak martxan jartzen ibili dira; esaterako, paretetan hainbat horma-irudi margotu dituzte. Urkarock eta Gazte Egunaren bueltan prestatutako hainbat ekimen ere bertan egin ziren, eta udan partean zinema herrikoia antolatu zuten. Horrez gain, herritarren ekarpenei esker, liburutegia sortu dute, eta baita haurtzaindegia ere. Aurrera begira ere, hainbat proiektu dituzte esku artean; baina, esan bezala, epaia dela-eta mehatxupean daude.
1.440 euroko isuna
Hasieratik egon da kaleratze arriskua. Pasa den urriaren 31n epaiketa bati aurre egin zion gazte taldeak: 1.440 euroko isunarekin zigortzearekin batera, lokala husteko agindua jaso zuten. Erabaki horren kontrako helegitea jarri zuten, baina hori arbuiatu eta husteko agindua eman berri du epaile batek.
Aipatzekoa da proiektuaren lehen urteurrena ospatzeko asteburu honetarako egitarau zabala zuela gertu gazte taldeak: zehazki, ostiralean eta larunbatean askotariko ekintzak egiteko asmoa zuten. Egoera berria ikusita, batzarra egin zuten ostiralean bertan, eta programarekin “ahal den neurrian” aurrera egitea erabaki zuten; baina, aurreikusitako ekimenak Gaztaetxean egin beharrean, Izarrako beste hainbat tokitan izatea adostu zuten.
Herrira zabaldu
Ostiral arratsalderako bizikleta martxa prestatu dute herritik; proiektua ikustaraztea du helburu ibilaldi horrek. Jarraian, pintxo lehiaketa egingo dute plazan. Larunbatean, berriz, goizean hasiko dira ekimenak. Kultura etxeak okupazioari buruzko mahai-ingurua hartuko du, 11:00etan; Errekaleor auzoaz, Gasteizko gaztetxeaz eta Bilboko okupazio esperientzia anitzetaz egingo dute berba han. Bazkari beganoa ere egingo dute, Izarrako Beheko Iturri txokoan. Arratsaldeko antzerkia kultura etxean izango dela eta gaueko kontzertuetarako tokia bilatzen dabiltzala ere jakinarazi dute Gaztaetxetik.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!