[Iritzia] “Mesedez, alokatu egiezu” – Blanca Urgell –
Ministeritzak iheslariak hartzeko eta integratzeko eratu duen sistemaren arabera,1 iheslaria ebaluatu eta dagokion lekura deribatu ondoren, sei hilabete arte luza daitekeen “harrera” garaia hasten da (babesgabetuenen kasuan bederatzi hilabete arte ere luza daitekeena). Tarte honetan denbora baterako lekua egiten zaie horretarako propio eratutako bizilekuetan. Hemen, Gasteizen (eta Euskadin oro har bederen) honetarako zilegiztatuta dauden erakundeek prestatu dituzten harrera-etxebizitzetan: adibidez, Gurutze Gorriak eta CEAR Euskadik.
“Harrera” garaiaren ondoren “integrazio” garaia hasten da. Bigarren tarte honetan harrera-etxebizitzatik irten eta eurek lortu behar dute bizitokia, normalean alokairuan, jakina. Esaten ari naizena da Espainiara sartu eta 6-7 hilabete igarota etxebizitza lortu beharrean direla iheslariak Ministeritzak eratutako ibilbidean aurrera egiteko.
Bada, lehen ez zen erraz-erraza izango, baina orain izugarri zaila —hobeto esanda, ia-ia ezinezkoa— bihurtu da Gasteizen iheslarientzako pisuak alokatzea.
Hau gertatzen ari dela entzun bezain laster burura etorri zitzaidan nire adinekoak zaretenok behintzat jakingo duzuen zerbait, alegia: gaztetan Gasteizen ez zegoela alokairuan hartzeko batere-batere ohiturarik eta, beraz, ia-ia ez zegoela alokatzeko etxebizitzarik. Euskal Herriko Unibertsitatea eratu eta Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleak-eta hona etorri zirenean, 80ko hamarkadan, harrituta ikusi zuten pisu gutxi zeudela, eta gutxi horiek lortzeko ere izugarrizko trabak zeudela: gaztea bazinen, halakoa bazinen, holakoa bazinen… Sekulakoak entzuten ziren ikasleek pisuetan egindako barrabaskeriez. Baten bat egingo zen, ziur!, baina gehienak leienda urbanoak ziren, noski.
Ba, orain ere sekulakoak entzuten dira iheslariek eta inmigranteek-eta alokatutako pisuetan egindako barrabaskeriez. Baten bat egingo zuten, ziur, baina gehienak… lepoa egingo nuke berriro ere berkontatzen ari diren leienda urbano berberak direla, ikasle protagonista kendu eta iheslaria edo inmigrantea jarririk, kontatzearen kontatzeaz ziurrenik handizkatuaz gainera.
Nik ez dut alokairuan emateko etxebizitzarik. Aski daukat gainean daukadan hipoteka larria hilean-hilean ordaintzea. Beharbada zuek ere berdintsu.
Eta, orduan zergatik hitz egiten dizuet honetaz, merkatuan gertatu den hori aldarazteko ideia beharbada inozoarekin? Ba pentsatzen dudalako zuek ez bada, zuen familiakoek, zuen lankideek, auzokoek, koadrilakoek, horietako norbaitek bai izango duela errentan emateko etxebizitzarik. Eta zuei entzunez gero, ez duela horrelako trabarik jarriko. Zeren eta, esango didazue: nola beteko dute iheslariek ministeritzaren ibilbidea? nola integratuko dira, bizitokirik izan ezean?
Gasteiz hiri solidarioa da. Baina, ai! Iheslariak ez direnean izaki abstraktuak, gure atean jotzen duten izaki konkretuak baizik, non dago ordura arteko solidaritate sentimentua? Ez ote dagoenekoz garaia hiri honek nobedadeei dien beldur handi horri behingoan aurre egiteko?
Alokatu egiezu, mesedez!!!
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!