[Iritzia] “Gustu txarreko bisita”, Koldo Alzola
“Gustu txarreko bisita”
– Koldo Alzola –
Gaur bertan Daniel Kutner Israelgo estatu kriminaleko enbaxadorea dugu Gasteizen bisitan. Oraintxe jakin berri dut, lagun batek abisatuta, eta, ezinbestean delegaritza sionistari dedikatutako larrialdiko lerro hauek idazteko beharrean ikusi dut neure burua. Gutxiago ez du merezi ordezkari hebrearrak, izan ere, azken aldian berebiziko zaletasuna erakutsi du gure hiriarekin. Urte erdi eskaseko apean bisitatzen gaituen bigarren aldia da gaurkoa. Aurrekoan Legebiltzarrean egin zioten harrera, nork bere erara; Bakartxo Tejeriak, presidenteak, harrera ofiziala, irribarre adeitsua, eta goi mailako bisitariei erreserbatutako oparia eskaini zion; parez-pare EH-Bilduko diputatuek egoitza barruan, eta ehundaka lagunek kalean, bestelako harrera eskaini zioten, bere erregimenaren krimenak eta bidegabekeriak aurpegiratuz.
Horrexegatik, akaso, oraingo honetan isilean eta ezkutuka etortzea erabakiko zuen, betiere, eta aurrekoan bezala, tokiko PNVko ordezkariaren abegikortasuna jasotzera. Izan ere, gaur arratsaldean, 20:00etan, Goiuri Jauregian Holokaustoaren inguruko erakusketaren inaugurazioan izango da; Gorka Urtaran, alkatea, eta Laurence Franks, Havtajá elkarte sionistako presidentea lagun.
Ez naiz sartuko Holokaustoaren inguruko hitzaspertu antzu batean, horretarako hobe da Norman Filkenstein historialari judu-amerikarraren idazkietara jotzea, esaterako, pasarte historiko horren inguruan eraikitako kontaketa interesatuak desmuntatzeko. Arbuiatu nahi dudana da Israelgo enbaxadoreak delako holokausto horren biktimak ordezkatzeko zilegitasuna. Israel, hamaika aldiz argudiatze bihurri hori baliatzen badute ere, ez da holokaustoaren ondorioa; ez da inolako kausa-ondorio harremanik bigarren mundu gerrako sarraskien eta Israelgo estatuaren sorreraren artean. Horrela pentsatzen dutenek, oroimen historiko apurtxo bat izando balute, jakingo lukete egunotan Balforren adierazpenetik 99 urte betetzen direla; orduantxe sinatu baitzion Britania Handiko Atzerri Ministroak mugimendu sionistari juduentzako estatua Palestinako eremuan eraikitzeko baimena; 1917ko azaroaren 2an, Holokaustoa baino urte dexente lehenago.
Urtaran jaunak ikastetxe pribatuko historia eskoletara piper egin izan ez balu, akaso jakingo luke Israelgo apartheid erregimeneko enbaxadoreak ez duela inolako zilegitasunik, ez moralik ez historikorik, Holoaustoaren ondorengoen ordezkaria izateko. Aitzitik, XXI. mendean burutzen ari den holokausto handienetako baten egileen delegatua da, eta halaxe hartu beharko genuke Gasteizen.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!