[Iritzia] “Erresistentziak” – Alaitz Andreu –
Etxepeko zazpigarren solairuko bikote bat harrituta dago, beren bi urteko haurrak ondo asko dakielako ezetz esaten, baina “bai” hitza ahoskatzeko zailtasun handiak dituelako. Fonetika eta artikulazio kontuak albo batera utzita, euskaraz zailagoa baita “b” fonema ahoskatzea “e” ahoskatzea baino, baina inguruko hizkuntza batzuetan horrela izan ez arren kontu berbera gertatzen denez, hau da, haurrak lehenago hasten direnez ez edo no esaten, arazorik gabe esan dezaket ezetz esaten ikasten dela aurrena. Eta arrazoia argia da: nahi ez dugun hori baztertzeko aukera bakarrenetakoa da ezetz esatea; eman nahi diguten zerbait nahi dugunean, hartu besterik ez baitugu egin behar. Purea nahi badugu, ahoa ireki eta barrura.
Pure hori nahi ez badugu, ordea, ahoa itxiko dugu; halere, zaintzaile tematiaren egoskorkeriak aurrera egingo duenez, koilara hegazkin bihurtzeraino, ezetz esan beharko diogu gure aldarriaz jabetu dadin. Horiexek izaten dira gure lehen erresistentziak.
Hori bai, zaintzaileak erabakiko du hegazkinaren hegaldiari ekiten jarraitu ala hegazkina lurreratu, berak daukalako boterea.
Antzera gertatuko zen Amerikako biztanleek, mendebaldarrok indigena izendatzen ditugun horiexek, beren baso-zelaietan zebiltzala, itsasontzi erraldoiak hurreratzen ikusi zituztenean. Ez. Gauza bera, esklabu bihurtu eta bortxatu edo hil zituztenean ere. Ez. Eta berdin Afrikan.
Gizon zuriek armak zituzten, ordea.
Orduantxe, beren izugarrikeriak legitimatzeko, larruazala aitzakiatzat hartuta, beltz izendatu zituzten hangoak, eta hainbat ezaugarri erantsi. Ondoren, beltzengandik bereizteko, zuri izendatu zuten beren burua. Kolonoek eraiki zuten arraza, beren krimenak eta zapalketa justifikatzeko.
Duela hainbat mende, sexu-bereizketarik egiten ez zenean, sexu kategoria asmatu zuten zakildunek, filosofiaren bidez lehenik eta zientziaren bidez gero, aludunak inpunitatez esklabu bihurtzeko, bortxatzeko eta hiltzeko. Orduan sortu ziren gizon eta emakume kategoria politikoak, hainbat ezaugarri erantsiz bakoitzari.
Ondorioz, heteronorma ere eraiki zuten, hetero eta homo kategoriak sortuz. Jakina, bizi-eredu eta familia mota bakarra sustatzea zen helburua: heteropatriarkatu kapitalistari eusten dion familia nuklearra arau bihurtzea, alegia.
Gaurko gizartean bizi-bizi dauden errealitateak dira horiek. Binomio madarikatuak. Gaztelania eta euskara.
Binomio horien beheko aldean gaudenok, ordea, binomioak hierarkikoak eta baztertzaileak baitira, geure burua identifikatu, sistema aztertu, eta, eraikitakoa beti eraitsi daitekeenez, eraikuntza zapaltzaileak deseraiki ditugu. Ezetz esan dugu askotan. Ez dugula esklabu izan nahi, ez dugula etxerako bidean ausartak izan nahi, aske izan nahi dugula.
Erresistentziak. Erresistentzia-mugimenduak.
Eta, lortu ere, gauza asko lortu dira. Zoritxarrez, ordea, gutxiegi dira, eta armairuak barrutik apurtu ezinik jarraitzen dute askok, armairuan bizi dela ere ez dakien asko dago, eta armairu horiek sendotzeko egurrak mozten jarraitzen dute beste askok. Gauzatxo bat argitu nahi dut: armairu esan dudan tokian, jarri kartzela, jarri heteropatriarkatu kapitalista.
Horrexegatik jarraitzen dugu erresistentzian, gure sinesmen, sentipen eta ohitura asko zalantzan jartzen, geure burua ahalduntzen, nahi ez dugun hori lau haizetara zabaltzen, bazterrak astintzen.
Jaun zuri matxistek, ordea, armairu-fabriketako mozkinak jasotzen dituzten horiexek, erresistentzia bitxia sortu dute deseraiketa-prozesu horren aurrean.
Emakumeak errespetatzen eta onartzen dituztela diote, baldin eta, beraiek ezarritako tokitik mugitzen ez badira.
Lesbianak eta gayak errespetatzen eta onartzen dituztela diote, baldin eta, beren sexualitatea aldarrikatzen ez badute.
Migratzaileak errespetatzen eta onartzen dituztela diote, baldin eta, beren herrialdeetan geratzen badira.
Hori guzti hori diote, azpiratuta dagoen kolektibo bat onartzea ala ez onartzea erabakitzeko ahala boteredunak bakarrik duela kontuan hartu gabe. Jator plantak eginez, baina beren ezarpena areagotuz beti, eta argi utzirik beren pribilegioak galduko ez dituztela; gizarteko biktima berriak beraiek direla. Beraiena zilegizko erresistentzia balitz bezala. Testuinguru horretan sortu da feminazi kontzeptu erredikulua, adibidez. Argudiorik ezean, errazena baita goitik behera iraina botatzea.
Halere, transexualak ez, horiek ez dituzte onartzen, baina beraiekin oheratzen dira.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!