[Iritzia] “Azaroa erdialdean gaudela … ” – Irantzu Lekue –
“Azaroa erdialdean gaudela … “
– Irantzu Lekue –
Konturatu orduko kulturaren 2016(bimila eta hamasei) izan behar zen 2016a
pasatzear da. Egingo ditugu egin beharreko irakurketa eta balorazioak
urtarrilean baina, bitartean, hasi gara nabaritzen, badatorrela Durangoko
Azoka. Gainean daukagula! Ez al duzue nabaritu nola, kulturak egun hauetan,
normalean baino leku gehiago duen, magazin, artikulu eta telebistetan?
Abenduaren 2tik 6ª bitartean antolatuko da aurten Durangoko Azoka, 51.ena
hain justu, eta, beste urte batez, euskal kulturaren plaza bihurtuko da.
Momentuz, publiko egin dituzten datuen arabera zuzenekoen karpan 70
musikarik eta musika-taldek aurkeztuko dute beren lana kontzertu formatuan.
Albiste ona, AHOTSENEA hazi egin delako. 2013ra arte, 55 sortzaile har
zitzakeen guztira. Aurten, 120 aurkezpen baino gehiago izango ditugu. Bai,
ondo entzun duzue: 120 aurkezpen! Egia da 51.en azoka hau, iazkoa bezalaxe,
5 egunekoa izango dela eta horrek aukera eman duela toki zabalagoa egiteko
sortzaileei. Baina, horren guztiaren gainetik nabaria da sortzaileen aldetik
badela gogoa Ahotsenean parte hartzeko.
Baina nik arreta Landako gunearen erdigunean jarri nahi dut gaurkoan, Areto
Nagusian zehazki. Bertan kokatuko da bigarren urtez Gogoetaren Plaza,
kulturgintzaren hausnarketarako iaz martxan jarritako ekimena. Aurten
gainera, nobedadea, parte hartuko duten hizlariez gain, ekimeneko bidelaguna
da: Jakin aldizkaria. Gerediaga eta Jakin / Jakin eta Gerediaga Durangoko
Azokako lehen ediziotik izan dira partaide eta biak, garaiko kultur
berpizkundearen eragileak dira. Eta gainera, lankidetza berri honi esker,
Gogoetaren Plazan emango diren hausnarketak azoka gunetik eta azoka
garaitik haratago eraman ahal izango dira euskal kulturaren gaineko gogoeta
bultzatzeko eta etorkizuneko ildo eta estrategiak garatzen laguntzeko.
Beharrezkoa aurrerapausua, azoka giroa, azokako subidoia aprobetxatu eta
hausnarketa urtean zehar garatu ahal izateko baliabideak sortuz. Hori
niretzako aurtengo azokak ekarriko digun berrikuntza edo onura nagusi berria.
Baina bi aste falta dira oraindik Durangoko olatuan bete betean sartzeko eta,
Zuloa Irudian ikusgai dagoen Anabel Quincoces artista gasteiztarraren
erakusketa gomendatu nahi nizuen gaurkoan. Sirenaren basoa – Onacel
erakusketaz ari naiz. Intimoa. Berezia. Argi eta koloreen bidez itsaso
barrenean, sirenen munduan sartzen zaituena. Bitxia. Berezia. Interesgarria.
Gomendagarria azken batez.
Eta amaitzeko, Orbain Kultur Elkarteak antolatutako aste kulturaletik pasatzeko
gonbitea luzatu nahi dizuet. Antzerkia, magia, bertsolariak, erakusketa bat eta
musika elkartuko dituen elkartasun astea, Gasteizen, Bruno Villareal Kalean.
Emeki emeki eta oso era berezian kultura edo azpikulturaren arnasgune
bilakatzen ari dena.
Irantzu Lekue
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!