[Iritzia] “Apalategiaren aurrean”- Alaitz Andreu –
“Apalategiaren aurrean”
– Alaitz Andreu –
Asteburuan bisita daukat; lagun bat preso dago Poitierseko kartzelan. Sarri, arropak eraman izan dizkiot; oraingoan, ordea, ez. Liburu bat eramango diot. Etxeko liburu-apalategiaren aurrean nago, begiak gora, begiak behera, ezker-eskuin, zein eramango. Liburutegi hau da ene ondasun guzia, pentsatu dut. Liburu potolo samarra ikusi dut goi-goiko apalean, eta hartu egin dut. Biblia da. Zenbat odol isuri ote den Bibliaren izenean, Jainkoaren izenean.
Atzo, dorre bikiei buruzko pelikula bat ikusi nuen; hegazkinak talka egin artekoa kontatzen zuen. Ekintzaileak euren burua hiltzeko prest zeuden, Jainkoaren izenean.
Eta zenbat jainko dagoen munduan. Zer-nolako boterea duten edo eduki duten guztiek. Jainkoa edo jainkoak. Asko dira, baina guztiek daukate ezaugarri berbera: ikusezinak dira, ezin daitezke hatzekin ukitu, ezin daitezke jo, ezin zintzurra moztu.
Eta, hain justu ere, horrexek egiten ditu hain boteretsu.
Mendebaldera etorrita, jainkoen artean, jainko kristaua da nagusi. Gizona da, bizartsua. Oso bizartsua. Googlen begiratuz gero, bizar hori beltza, gaztaina kolorekoa, horixka ala zuria izan daiteke, baina beti agertuko da bizar sarri hori. Gizon zuri bizartsu boteretsu hori.
Zegoen tokian utzi dut Biblia, eta bilaketarekin jarraitu. Hautsak ez dit ikusten uzten elkarren segidan dauden lau libururen izenburuak. Putz egin diet. Eta hortxe ikusi ditut beste lau Biblia. Hor zergatik ote dauden pentsatu, eta berehala etorri zait erantzuna: liburu horiek eduki ezean, marginalian egongo nintzateke. Sarri askotan pentsatu izan dut nire lagun izoztuari, Poitiersen hotz handia egiten baitu, atabala eta euria beharrean, on egingo liokeela hitz kolosal horiek entzutea, irakurtzea. Eta, marginalia gogora ekarrita, liburu horiek eduki ezean marginalian zergatik egongo nintzatekeen pentsatzen hasi naiz.
Ni hemengoa naiz; beraz, bizardun gizon horrek idatzitako liburu batzuk dauzkat. Zuk ere bai? Marginaliaren beldur? Ala ikusezin bezain harrapaezina den luma jainkotuak harrapatu zaituelako? Irakurri dituzu?
Ez gaizki ulertu, ez naiz bere idazkera zalantzan jartzen ari. Jakin nahi dudana da zergatik dauzkazun bere liburuak etxeko txoko horretan, nik bezala. Gudaria delako? Harrapaezin bihurtu zelako? Bizarra duelako? Hala nahi izan gabe, gure jainko bihurtu zelako?
Pentsa, meza-kantu propioa dauka, sarri-sarri abesten eta dantzatzen duguna. Bestetik, guztiok eduki dugu haren agerraldien berri. Ez daukazu oporretan harekin egon den ezagunen bat, edo ezagun baten ezagunen bat? Sekretupean kontatzen diren gauza horiek, badakizu. Badu, halere, gainerako jainkoek berez ez duten botere gehigarri bat: gurekin komunikatzen da, sarri. Haren azken mezuak irakurtzeko, liburu-dendara edo etxeko apalategira joan besterik ez duzu, eta inork ez zaitu zorotzat hartuko, haren hitzak entzun dituzula esaten baduzu.
Joan den larunbatean, poteoan ginela, komunikabideetan Jainkoaren irudi gaurkotua agertuko zela jakin genuen; gaueko hamabietan agertuko zitzaigula guztioi, aldi berean. Eta han ibili ginen, gure porrak egiten, nor gehiago hurbilduko. Itxasok irabazi zuen. Berak esan zuen bizarrik gabe agertuko zela, ez beste inork. Izan ere, bizarrik gabeko jainkoa posible ote?
Argazkiari begiratu genion guztiok, eta WhatsAppez zabaldu, ez zezan inork galdu horrelako ikuskizunik. Jainkoa haragi bihurtu zen. Joan den larunbatean, Jainkoa hil egin zen. Hil da jainkoa.
Eta nik, liburu-miaketan jarraituko dut.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!