Indarkeria matxistari aurre egiteko, sozialismoaren eraikuntza aldarrikatu dute Itaiak deitutako manifestazioan
Aldarrikatzen dutenez, "indarkeria betikotzen duen egiturazko oinarria borrokatzen badu soilik bete dezake bere funtzioa indarkeria matxistaren aurkako jardunak, hau da, sozialismoaren eraikuntzaren norabidean indarrak metatzen baditu".
Egungo “kultura progresistak” emakumeen ahalduntzea bultzatzen duelako ustea zalantzan jarri dute Itaiako kideek azaroan zehar egindako kanpainarekin. Atzo, azaroaren 25ean, manifestazioa egin zuten Gasteizen “Emakumeon sexualizazioa, batzuen ahalduntzea eta besteon kondena” lelopean.
Izan ere, «emakume langileon bizitzetan» indarkeria «eguneroko ogia» dela argi dute eta, azaldu dutenez, “kultura progresistak, indarkeria bera klaseetan banatutako gizarte baten ondorio ukaezin bezala ulertzen ez duenez, azken instantzian, emakume burgesen ahalduntzea bermatzen du eta emakume langileon kontrako biolentzia areagotzen den bitartean honen normalizazioari bide ematen dio”.
Horren aurrean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunean, manifestazioa egin zuten eta indarkeria matxistari aurre egiteko “sozialismoaren eraikuntzaren norabidean indarrak metatzeko” beharra aldarrikatu zuten.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!