“Indarkeria matxistari aurre egiteko antolatu” jardunaldiak antolatu ditu Gasteizko Itaiak, maiatzaren 28rako
Itaiaren arabera, "urgentziazkoa" da emakume langileek jasatzen duten indarkeria matxistari aurre egiteko bitartekoak garatzea, eta hori da jardunaldiek sakondu asmo duten gaia.
Gasteizko Itaiak, emakumeen antolakunde sozialistak, egun osoko jardunaldiak antolatu ditu maiatzaren 28rako, indarkeria matxistaren inguruan hausnartzeko. Itaiaren irakurketaren arabera, “urgentziazkoa” da emakume langileek jasatzen duten indarkeria matxistari aurre egiteko bitartekoak garatzea, eta hori da jardunaldiek sakondu asmo duten gaia.
Gasteizen 2022an gutxienez 31 eraso gauzatu direla salatu du kolektiboak, komunikabideetan atera diren datuen arabera. Egoera horren aurrean “antolatzea beharrezkoa” dela uste dute, eta bide horretan baliabideak sortzea.
Egitaraua
Goizez, bi hitzaldi izango dira Aldabe Gizarte Etxean: lehena, indarkeria kasu bat salatzean kontuan izan beharreko elementuak argitzeko; bigarrena, aldiz, indarkeria matxistaren aurrean antolatzeko gakoen inguruan hausnartzeko. 11:00etan eta 12:30etan izango dira, hurrenez hurren.
Eguerdian bazkaria antolatu dute Gasteizko Gaztetxean, 14:30etan. Bost euroan daude salgai bazkariko tiketak. Sare sozialen bidez edo emailez (itaiagasteiz@gmail.com) idatzita eskuratu daitezke.
Bukatzeko, aisialdi eskaintza ere egongo da jardunaldien egitaruan. Nerepe taldearen kontzertua bazkalostean eta, ondoren, 20:00etatik aurrera Zarata Selektion, Zuretzako Mezua eta Droga Purpura DJa.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!