Iñaki Iriondo kazetaria epaituko dute, ‘Ugartekok’ salatuta
Urtarrilaren 24an epaituko dute Gasteizko kazetaria, Iñaki Soto Garako zuzendariarekin eta Jone Goirizelaia abokatuarekin batera. Apirilaren 9an sei urte beteko dira gomazko pilotakada batek Iñigo Cabacas hil zuenetik, baina oraindik ez da ertzainen aurkako epaiketarik egin.
Urtarrilaren 24an egingo da Iñigo Cabacasen heriotzarekin lotutako lehen epaiketa. Paradoxikoa dirudien arren, ez dute aztertuko nor izan zen hilketaren erantzulea. Aitzitik, Iñaki Iriondo kazetari Gasteiztarra -eta Hala Bediko Suelta La Olla irratsaioko kolaboratzailea-, Gara egunkaria, Iñaki Soto zuzendaria eta Jone Goirizelaia abokatua epaituko dituzte, ‘Ugartekoren’ salaketa baten ondorioz.
Ertzainburuak egunkariaren aurka jarritako salaketan, haren “ohorea eta intimitatea” urratzea leporatzen die eta 250.000 €-ko kalte ordainak eskatzen ditu. Goirizelaia abokatuak salatu duenez, “justizia oso motel doa gauza batzuetarako eta oso azkar beste batzuetarako. Hori sentitu du Cabacasen familiak”.
Hori gutxi balitz, familiaren abokatuak eta Iriondo eta Soto kazetariek berari buruz egindako adierazpenek “osasun arazoak” eragin dizkiote. Salaketaren beste puntu bat, lantokia aldatzera eta ardura postua uztera behartu zituela da.
Apirilaren 5ean sei urte beteko dira Ertzaintzaren gomazko pilotakada batek Iñigo Cabacas Athleticeko zalea Bilboko Kirruli tabernaren kanpoaldean larriki zauritu zuenetik. Apirilaren 9an hil zen, erietxean. Haren heriotzarekin lotuta sei ertzain auzipetu dituzte, baina nahiz eta ageriko frogak egon, oraindik ez dago epaiketarako datarik.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!