Ikus-entzunezko sorkuntzan trebatzeko aukera, bidean
Zineleku 2018 ekimenak euskal zinemagintza sustatu nahi du gazteen artean.
Alea.eus bidez
Ireki dute dagoeneko Zineleku 2018an izena emateko epea. Ikus-entzunezkoetan trebatzeko ikastaroa uztailaren 23tik abuztuaren 3ra eskainiko dute, Gasteizko Santa Maria aterpetxean.
Euskal Herri osoko 18-30 urte bitarteko 30 gaztek parte ahal izango dute esperientzian. Lantegiak eta maisu eskolak jasoko dituzte bertan, euskaraz, zinemagintzan eta beste hainbat diziplinatan aditu diren hogei irakasleren eskutik. Bertan parte hartzeko eskaerak ekainaren 8ra arte bidali ahal izango dira.
“Prestakuntza eta sorkuntza elkarbizitzako egunak” izango direla aipatu dute antolatzaileek, ohar baten bidez. Hartara, zinemagintzaren inguruan “erkidegoa” sortu nahi dutela adierazi du ekimena antolatzen duen Kalakalab enpresako arduradun Ricardo Del Condek. Gazte errealizadoreak zinematografian prestatzeaz gain, ikus-entzunezkoen bidez “gizarte-ehunak” ere eraiki nahi dituztela dio, “publiko kritikoak sortu daitezen”.
Norabide horretan, programazio publikoa ere eskainiko dute. Besteak beste, zinemagintzari, literaturari edo interpretazioari buruzko hitzaldiak emango dituzte, eta proiekzioak, performanceak, eta kontzertuak izango dira ere. Bestalde, aurtengo Zinelekuk Eskerrak giza eskubideei kanpainarekin bat egingo duela iragarri dute, Giza Eskubideen Gutun Unibertsalaren 70. urteurrenaren harira.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!