Hitzaldi eta ekimen ugari maiatzean, Tapia Legearen aurkako manifestaziorako deia zabaltzeko
Manifestazioa deitu du Araba Bizirik plataformak maiatzaren 14rako "Lurra defendatuko dugu! Tapia Legeari ez!" lelopean. Giroa berotzeko, hainbat hitzaldi egingo dituzte datozen bi asteetan. Hilaren 7an, larunbata, bizikleta martxa ere egingo da Gasteizen.
Joan den martxoan iragarri zuen Araba Bizirik! plataformak Tapia Legearen manifestazio deialdia, maiatzaren 14rako. «Lurra defendatuko dugu, Tapia Legeari ez!» lelopean egingo dute mobilizazioa. Horrela, aurka egin nahi diote energia berriztagarriak bultzatzearen aitzakiapean Eusko Jaurlaritzak egindako maniobrari, funts publikoak bereganatzen dituzten makroproiektuak eremu natural publikoetan jartzea errazteko, konpainia pribatu handien intereserako.
Azken hilabeteetan Araban egin dituzten ekimenekin jarraituz, maiatzeko manifestaziorako giroa berotzeko, hitzaldi eta mobilizazioak antolatu dituzte datozen asteetan ere. Maiatzaren 4an, asteazkena, Andrián Almazarán-ek hitzaldia emango du Aramaioko herriko plazan. Ostiralean, SUmendi espazioan, Iñaki Gil de San Vicentek lurraldearen defentsako klase borrokaz jardungo du. Hilaren 10ean Trenaren aldeko alternatiba azalduko dute ikerketa teknikoa gauzatu duten kideek, Zabalganako Gizarte Etxean.
Bestalde, bizikleta martxa ere antolatu dute maiatzaren 7rako, larunbat honetarako. Goizeko 11:00etan Faroloian hasita Gasteizen zehar ibiliko da bizikleta martxa, berriro ere Faroloian bukatzeko.
Amaitzeko, kontzentrazioa deitu dute asteartean, maiatzak 10, Foru Plazan goizeko 11:00etan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!