Hitza eman genuen. Bidea egiten ari gara: ongi etorri, Hizpidea eta Araba hizpide!
Hizpidea eta Araba hizpide Hala Bedi Biko magazinen aurkezpena egin genuen atzo Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean. Berrogeita hamar lagun inguru etorri zen saio beriei ongi etorria egitera, tartean saioetako hainbat kolaboratzaile zirela.
Hala Bedi Bateko Hiru kortxea saioko Beñat eta Aitorrek egin zuten irekiera, Ruper Ordorikaren “Zaldiak negarrez”en bertsioarekin eta, ondoren, Unai Gartzia ekitaldiaren aurkezleak bikain laburtu zuen saio berrien izaera: “Hitza eman genuen eta bidea egiten ari gara; horixe da Hizpidea“. Duela bi sortu zen Hala Bedi Bi euskara hutsezko bigarren katea, eta apustu sendo eta estrategikoak egiteko garaia zela esan zuen Gartziak.
Hala Bideoko lagunen bideo eder baten bitartez azaldu genituen Hala Bedi Bi sortzeko arrazoiak:
Hizpidea eta Araba hizpide saioko gidari Mieltxo Monfort eta Jon Sanchez igo ziren oholtzara gero. Bilbo Hiria irratiko Monfortek esan zuenez, gustura asko jaso zuten Hala Bedi irratiaren elkarlan-proposamena, eta buru-belarri ekin zioten lanari, behar tekniko guztiei aurre egiteko. Elkarlan horren garrantzia nabarmendu zuen, geure alternatibak eraikitzeko modu gisa. Hala Bediko Jon Sanchezek esan zuen bi saioek Arabako euskarazko aktualitateko lehen magazina osatzen dutela:”Historia egiten ari gara. Historia gara”. Araban euskaldunen komunitate trinkotzeko bide gisa, euskaraz lan egiten duten hedabide ezberdinen arteko elkarlana aldarrikatu zuen.
Aurkezleak Hizpidea eta Araba hizpide saioekin kontaktua egiteko bide ezberdinak azaldu zituen: e-posta helbideak (hizpidea.magazina@gmail.com eta araba.hizpide@halabedi.eus), Twitter kontuak eta Facebook orrialdea eta Whatsapp eta Telegram zenbakia (640 073 613). Horiek guztiak komunitatea osatu eta trinkotzeko tresnak direla nabarmendu zuen.
Hala Bedi Bateko Kantoia saioko Ander Solozabalek itxi zuen ekitaldia, Nire poesia abestiaren bertsioarekin.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!