Hidrogeno berdea: alde ala kontra?
Azken hilabeteotan ugariak izan dira gas honi buruzko berriak hedabideetan: Petronorrek hidrogeno berdea ekoizteko lantegia sortuko du Muskizen, Euskal Hidrogenoaren Korridorea eraikiko da Bilboko Portua eta Zorrotzaurre artean, Energy Intelligence Center delakoa Ezkerraldea-Meatzealdeako parke teknologikoan… Hori dela eta, lagun batekin honi buruz hizketan aritu ginen orain dela aste batzuk. Elkarrizketa amaitzen ari zela, “orduan, honen kontra ere ba al gaude?”, galdetu zigun berak.
Hidrogenoa H ikurra eta 1 zenbaki atomikoa dituen elementu kimikoa da, guztien artean arinena eta Unibertsoko ugariena da; hidrogeno diatomikoa (H2) giro-tenperaturan gaseosoa, sukoia, usaingabea eta koloregabea da. Halere, hidrogenoa Lurrean beste konposatu batzuekin batera agertzen da batez ere, urarekin eta konposatu organikoekin (hidrokarburoak barne), besteak beste. Unibertsoko elementu ugariena izanik, egun munduko energia iturri nagusia diren erregai fosilak erraz ordezkatuko dituela pentsa genezake lehen begi kolpean. Baina hidrogenoa naturan aurkitu ohi ditugun konposatuetatik bereizi eta hidrogeno diatomikoa lortzeko, energia behar da. Horregatik da energia bektore, energia iturri izan beharrean. Energia bektoreak, hau garraiatu edo metatzeko ditugun bideak dira: elektrizitatea, bateriak edo presa hidroelektrikoetan metatzen den ura dira adibide batzuk.
H2-a askatzeko, gas koloregabe horri kolorea ematen dioten prozesu ezberdinak daude. Hidrogeno grisa deitzen zaio hidrokarburoengandik (gas naturalarengandik, bereziki) bereizitako hidrogenoari. Hau askatzeko energia fosila erabiltzen da, eta atmosferara CO2 ugari igortzen da prozesu horretan. Egun industrialki ekoizten den hidrogeno guztia grisa da; eta, besteak beste, petrolioa birfintzeko edota ongarri kimikoak ekoizteko erabiltzen da. Hidrogeno grisa sortzean askatzen den CO2-a biltegiratuko bagenu, hidrogenoa urdin bihurtuko genuke. Hidrogeno urdinak, karbonoan neutroa izan arren, gas naturalarekiko erabateko menpekotasuna izango luke; gainera, CO2-a biltegiratzeko teknikak ez dira komertzialki bideragarriak oraindik. Hidrogeno arrosa ere badago, energia iturri gisa nuklearra erabiltzen duena. Azkenik, hidrogeno berdea elektrolisia izeneko prozesuaren bidez uretatik askatzen dena da; jatorri berriztagarria duen elektrizitatea erabiliz ekoizten da, prozesuan negutegi efektuko gasik igorri gabe. Europar Batasunak azken horren aldeko apustua egin du, 2050 urterako karbono neutraltasuna helburu duen Itun Berdearen baitan. Hala, Next Generation diru funtsen parte handi bat hidrogeno berdea ekoiztera bideraturiko proiektuei esleitzen ari da, enpresa handienak izaten ari direlarik horren onuradun nagusiak.
Energia berriztagarrien intermitentzia, elektrifikazioaren arazoa eta energia metatzeko zailtasuna bezalako mugak gainditzeko gakoa izango omen da hidrogeno berdea. Izan ere, eguzki- edo haize-energia soberakina baliatu daiteke hidrogenoa ekoizteko, eta gero hidrogeno hori elektrifikatzeko zailak diren sektoreetan erabili (kamioi edo hegazkinen garraiorako edota eraikinak berotzeko, besteak beste).
Hidrogeno berdeak, halere, beste muga batzuk ditu. Bere ekoizpena une honetan oso garestia da, grisarena baino lau bat aldiz garestiagoa. Korrosiboa ere bada, eta beste elementu batzuekin oso erraz erreakzionatzen du; hori dela eta, bere metaketa eta garraioa teknikoki oso zailak dira. Ura alkalinizatzen du, edangaitza bihurtuz eta bertan egon daitekeen bizitza suntsituz. Bere ekoizpenerako ez ezik, konpresiorako eta garraiorako ere energia ugari behar da, eta prozesu osoak %30eko efizientzia du; alegia, erabiltzen den energia osoaren %70a galtzen da. Agerian dago, beraz, oraindik probatzeke dagoen soluzioa dela, azkenaldian zenbaitek egungo eredu sozioekonomikoa salbatuko duen soluzio miragarritzat saldu nahi duten arren.
Krisi energetikoak oinarrian duen arazo nagusia kapitalismoak bultzatzen duen etengabeko hazkunde ekonomikoa da, ekonomia hazteko kontsumo energetikoak ere etengabe hazi behar baitu; eta, erregai fosilen produkzioa bere maximora heltzen ari den honetan, ezinezkoa da hori, energia berriztagarriak eta teknologiarik aurreratuena eskura izanda ere. Eguzkiarengandik edo haizearengandik energia mugagabea heltzen zaigun arren, hori eskuratzea ahalbidetzen duten gailuek material ugariren beharra dute, gehienetan lortzeko zailak direnak. Hala, berriro ere planetaren muga fisikoekin egiten dugu topo, eta Hegoalde Globala deitzen dugun horretan lurraldeak eta bizitzak suntsitzen jarraitzen dugu.
Hidrogeno berdearen teknologiak arazo berberei egin beharko die aurre; eta, arestian aipaturiko zailtasun teknikoetako batzuk gaindituta ere, ezingo ditu kapitalismoaren energia beharrak asetu. Izan ere, Europar Batasunaren eta Petronor bezalako enpresen proposamen berdeak planetaren muga fisikoak onartzetik, Ipar-Hego erlazioak eraldatzetik eta zaintza erdigunean jartzetik oso urrun daude. Horiek aintzat hartzen ez diren bitartean, hidrogeno berdea margo geruza bat da, alternatiba jasangarri bat baino gehiago: bizitzaren aurka egiten duen eredu kapitalista, kolonialista eta patriarkalarentzako mozorro berdea, gutxi batzuek etekinak ateratzen jarraitzea ahalbidetuko duena.
Audre Lordek esan zuen nagusiaren tresnekin inoiz ezingo dugula nagusiaren etxea eraitsi. Alfons Perezi antzeko zerbait irakurri genion duela gutxi: Europar Batasuna merkatua den heinean, proposatzen dituen soluzioak (hazkunde ekonomikoa, deslokalizazioa, zorrak…) merkatu soluzioak direla zioen berak.
Horrenbestez, zer uste duzu zuk? Alde ala kontra al gaude?
Estitxu Villamor eta Usuri Albizu
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!