Hezkuntzaren, burujabetzaren eta gazte problematiken inguruko Ernairen jardunaldi nazionalak egin dira Gasteizen
Gaur amaituko dira jardunaldiak. Mobilizazioa deitu dute arratsalderako eta gauean kontzertuak egongo dira Gasteizko Gaztetxean.
Gasteizko campusean abiatu ziren atzo, azaroak 10, Ernairen Jardunaldi Nazionalak. 200 gazte inguru bildu ziren antolatzaileen arabera, hezkuntzaren, burujabetzaren eta gazte problematiken inguruan hausnartu eta eztabaidatzeko.
Hezkuntzaren elitizazioa eta merkantilizazioa, gazteen parte-hartze politikoa, osasun mentala, burujabetza prozesuak eta feminismoaren ekarpena izan ziren mahai-inguru eta hitzaldietan landutako gaiak.
Gaur, azaroak 11, berriro elkartu dira parte-hartzaileak Gasteizko Campusean. Goizean hiru mahai-inguru izan dira. Lehenengoan unibertsitate “burujabe, publiko, komunitario eta euskalduna” lortzeko bideari buruz jardun dute. Bigarrenean, Espainiar Estatuan borrokatzen duten hainbat gazte antolakundek ideiak eta esperientziak partekatu dituzte; eta, hirugarrenean, ekologismoa izan dute ardatz, burujabetzarako prozesuan duen papera aztertuz.
Arratsaldean mobilizazioa deitu dute “Larrialditik duintasunera” lelopean. 18:30etan abiatuko da Letren Fakultatetik.
Jardunaldiei amaiera emateko, kontzertuak antolatu dituzte Gasteizko Gaztetxean: Sukasuan, Herdoil eta DJ Malandro izango dira 21:00etatik aurrera.
#JardunaldiNazionalak | Osteguna
Ekin diogu jardunaldien bigarren egunari. Orain, pabiloian, unibertsitate burujabe, publiko, komunitario eta euskaldun bateranzko bideaz hausnartzen ari dira Jon Arrieta eta Nikole Ziarrusta.
Eguneko jarraipena hari honetan 🧵👇 pic.twitter.com/KZVCHYvRhS
— Ernai GasteizUni (@ErnaiGasteizUni) November 11, 2021
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!