Hezkuntza Lege berriari planto egin diote Legebiltzar aurrean egindako elkarretaratzean: “Euskararen berreskurapen-prozesuaren bidegurutzean gauden honetan, egiturazko arazoak indartzen ditu”
Kateatzen saiatu dira bi kide, baina Ertzaintza berehala haien aurka oldartu eta, kolpe artean, jendea errepidearen beste aldera bultzatu dute. "Gaurkoa, egun gogorra da Euskalgintzarentzat, baina ezin dugu etsipenean erori: burua altxa, orain arteko estrategiak berrikusi eta aurrera begira jartzeko garaia da", adierazi du Euskal Herrian Euskaraz taldeak. Berreuskalduntze-prozesua bermatuko duen Hezkuntza Legea eskatzen dute.
EAEko Hezkuntza Lege berria onartuko den egunean, planto egin diote hamarnaka herritarrek Legebiltzar aurrean. Kateatzen saiatu dira bi kide, baina Ertzaintza berehala haien aurka oldartu eta, kolpe artean, jendea errepidearen beste aldera bultzatu dute.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak EAEko hezkuntza legearen aurreproiektua aurkeztu zuenetik, hezkuntza-sistemaren inguruko eztabaida bizi-bizi ibili da gurean. Horren aurrean, Euskal Herrian Euskarazek irakurketa plazaratu zuen otsailaren 30ean, Gasteizen, legeak jaso beharreko “ezinbesteko hamar neurri” proposatuz.
Ildo beretik, Euskalgintzaren Kontseiluak akordio zabala ehundu du Euskalgintzako eta hezkuntzako eragile gehienekin zein gehiengo sindikalarekin, hiru ardatz nagusiren baitan:
- Euskara ikas- eta irakats-hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa.
- Euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma.
- Hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea.
Hezkuntza Legearen eztabaida-prozesuan, hasieratik, “zehazgabetasuna eta anbiguotasuna izan da nagusi”, euskalgintzako eragileak salatu duenez. Lege berriarekin “berriro ere abiapuntura itzularaziko gaituztela” adierazi du Euskal Herrian Euskarazek, “hots, genuenaren antzekoa, eta zenbait aspektutan, okerragoa izanen den lege batera”. Azaldu dutenez, euskaraz mintzatzeko, irakurtzeko eta idazteko gaitasuna milaka ikasleri ukatu dien eta ukatzen jarraitzen dien hizkuntza-ereduen sistemari segida emango zaio; eta horrez gain, hizkuntza-gaitasun soiletik haratago, euskalduntzea lortzeko ezinbestekoak diren beste arloetan (euskal kultur transmisioa, hezkuntza ez arautua eta aisialdia, hizkuntzaren estimulazio goiztiarra…) dauden “erronka erraldoiei erantzunik eman gabe” jarraituko du legeak.
“Horregatik, EHEtik argi eta garbi adierazi nahi dugu: ez dugu Hezkuntza Lege hau onartzen. Izan ere, euskararen berreskurapen-prozesuaren bidegurutzean, inflexio-puntuan, gauden honetan, beherakadari begira jartzen gaitu, ditugun egiturazko arazoak indartuz eta itoginak larriagotuz. Legebiltzarraren barrualdera mezu argi bat helarazi nahi dugu gaur hemendik: hezkuntza Lege honek ez digu balio, aurrekoa bezalaxe, iraungita dago.”
Legeari baiezkoa emanen dioten alderdiak euskararen biziberritze prozesuan “egiturazko galga itzela” jartzen ari direla salatu dute. Bestetik, hezkuntza komunitate euskaltzaleari, irakasle, ikasle, guraso zein bestelako langileei, “lege honi planto egin eta behar dugun hezkuntza euskalduna borrokatzeko jarrera hartu dezaten” dei egiten diete.
“Gaurkoa, egun gogorra da Euskalgintzarentzat, baina ezin dugu etsipenean erori. Burua altxa, orain arteko estrategiak berrikusi eta aurrera begira jartzeko garaia da; behar dugun Hezkuntza Euskaldunaren norabidean eragiten jarraitzekoa. Aktibatu, antolatu eta borroka dezagun euskaraz ikasi eta bizitzeko baldintza errealak sortzeko. Guk eskuratu ezean, ez baita iritsiko. Hezkuntza lege honi planto! Hezkuntza Euskalduna behingoz!”, aldarrikatu dute elkarretaratzea bukatzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!