Heziketa Bereziko ehunka langile elkarretaratu dira Lakua aurrean
Hezkuntza publikoko sektorekako hirugarren grebak jarraipen zabala izan du beste behin. Sindikatuen arabera Heziketa Berezian diharduten 1.000 langile ingurutik %75 ez da lanera joan.
Argia.eus bidez/ Urko Apaolaza
Hezkuntza publikoan udazkenean egiten ari diren mobilizazioek ez dute etenik, abenduaren 12ko greba handia zerumuga dutela. Ostegun honetan Heziketa Bereziko langileak atera dira kalera eta ELA, LAB eta Steilas sindikatuek emandako datuak aintzat hartuz gero arrakastatsua izan da greba deialdia: langileen %75 ez da lanera joan.
Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiaren aurrean, Gasteizko Lakuan, ehunka lagun bildu dira protestan, zeinu hizkuntzan trebatuak, langile sozialak, hezkuntza laguntzako espezialistak, fisioterapeutak, itzultzaileak…
Besteak beste eskatzen dute asteko jarduna zehaztea, lanaldi partzialak mugatzea eta behin-behinekotasun tasa jaistea. Langileon esanetan, lanpostu zerrendako 400 postu egiturazkoak dira eta egonkortu egin beharko lirateke.
Azken urteetan soldatetan murrizketa handia izan dute Heziketa Bereziko langileek, erosmen ahalmena %12 gutxitu baitzaie. Bestetik, ikasturtean denbora luzez lanean igarota ere, uda garaian ez dute soldatarik jasotzen eta epe hori ez zaie puntuatzen.
Hori guztia salatzeko ari dira borrokan eta Jaurlaritzako Hezkuntza sailari eskatu diote negoziazio bat martxan jar dezala.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!