Hesihes kooperatibako gazteak Atenaseko errefuxiatuekin lanean ari dira jadanik
Laudio Ikastolako ikasleek sortutako kooperatibako dozena bat lagun asteazkenean abiatu ziren Greziara eta dagoeneko Victoria Social Centerren laguntzen ari dira.
Hesihes kooperatibak helburua bete du jadanik. Izan ere, Greziara heldu dira 12 kide eta errefuxiatuak laguntzeari ekin diote Atenasen.
Ostegunean bidaia
Horretarako, ordea, ibilbide luzea egin dute. Asteazkenean 12:30ak aldera Laudiotik atera ziren autobusez Loiuko aireportura heltzeko, eta han 15:00etan hegazkina hartu zuten Munichera jotzeko.
Hiri alemaniarrean bi ordu itxaron eta gero, hegaldia izan zuten Atenaseraino. Azkenean, 23:30ean zapaldu zuten Grezia, eta 00:30ean ezagutu zuten euren etxe berria.
Victoria Social Center
Ostegun goizean hasi dira lanean laudioarrak Atenaseko herrigunean kokatuta dagoen Victoria Social Centerren. Han hainbat errefuxiatu daude. Gehienak siriarrak dira, baina badaude ere Afganistan edo Afrika atzean utzi dutenak.
2017an ireki zuten lekua eta Victoria plazan dago. 980 metro koadro ditu, eta 7 solairu. Egunero 650 bazkari baino gehiago zerbitzatzen dituzte, eta hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte errefuxiatuentzat: medikuak, trebakuntza, esne eta pixoihal banaketa…
Giro ona
Laudioko gazteek gogotsu eta alai ekin diete lanari eta umeak zaintzen eta dibertitzen edota ingeleseko irakasleak laguntzen ari dira.
Julen Zubiete Aiaraldea Hedabideko kidea eurekin joan da jarraipen berezia egiteko, eta adierazi duenez, giroa gazteen artean oso ona da.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!