Helegitea ukatuta Alfredo Remirez espetxeratzea erabaki du Espainiako Entzutegi Nazionalak
2009an Amurrioko txupinazoan preso baten panpina ateratzeagatik espetxeratzeko erabaki irmoa hartu du Espainiako Entzutegi Nazionalak. Urtebeteko zigorra betearazi nahi diote Remirezi. Salaketa mobilizazioak hasi dira eta ostiralean manifestazioa egingo dute Amurrion.
Alfredo Remirez amurrioarrak Entzutegi Nazionalean aurkeztutako errekurtsoa atzera bota du epaitegiak. Abokatuak Aiaraldea hedabideari jakinarazi dionez, momentuz ez du jaso kartzelaratze agindurik. “Zelan eta non errekurritu aztertzen ari gara. Autoa irmoa da, helegiteak ez luke bertan behera utziko agindua. Hala ere, geratzen saiatuko gara, edozein unetan eman lezakete espetxeratze agindua”.
2017ko otsailean epaitu zuten Twitter sare sozialetan terrorismoa goratzea egotzita. Akordioa lortu zuen defentsak orduan: urte eta erdiko kartzela zigorra eta 14 urte eta sei hilabeteko inhabilitazioaren kondena dela medio ez zen izan kartzelaratua. “Txiolarien epaiketarekin atzera bota dute 2009ko auziaren suspentsioa, eta espetxe zigorra betetzea ebatzi du epaitegiak. Zigorra berez ez diote ezarri, 2009an ezarritakoari suspentsioa atzera bota dute”, adierazi du abokatuak.
Salaketa mobilizazioak
Remirezen espetxeratze erabakia salatzeko, mobilizazioak egongo dira datozen egunetan Amurrion. Irailak 26a, asteazkenean, 19:00etan kontzentrazioa egin zuten Amurrioko plazan. Ostirala, aldiz, 20:00etan manifestazioa egingo dute Amurrioko plazatik. Elkarretaratzean bideoa jaso du aiaraldea.eus-ek.
Albistea publiko egin denean, Alfredo Remirezen (@erreharria) erantzunak oihartzun handia izan du.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!