Hegoaldeko auzokideek, auzo elkarteek eta ikastetxeek 300 bat alegazio-idazki aurkeztu dituzte Jauregilanda kalean gasolindegi bat jartzeko proiektuaren aurka
Red de Gasolineras de Levante SL enpresak jarduera lizentzia eskatu du tabernarik edo jatetxerik gabeko zerbitzugune bat jartzeko Jauregilanda kalean, Iturritxutik sartuta. Bizilagunen ustez "egoera larriagotuko du" eta arriskuan jarriko du auzokideen osasuna.
Hegoalde auzoko bizilagunek Iturritxu kalearen egoeraren inguruko “kezka” adierazi dute berriro ere. Izan ere, Red de Gasolineras de Levante SL enpresak jarduera lizentzia eskatu du tabernarik edo jatetxerik gabeko zerbitzugune bat jartzeko Jauregilanda kalean, Iturritxutik sartuta. Gainera, kezkatuta daude Udalak ez duelako inolako planik kale horretan lehendik dauden arazoak konpontzeko, “ez bada ibilgailu motordunentzako erreiak gehitzea”.
Bizilagunen ustez azpiegitura berri hori ezartzeak Iturritxu kalearen “arazoa larriagotuko luke”: ibilgailu gehiago ekarriko ditu gainezka dagoen eremu batera, ondorio larriak izan litzake ingurumenean (Eraztun Berdetik oso gertu baitago), eta arriskuan jarriko du inguruan bizi diren pertsonen osasuna eta segurtasuna. Oso gertu ditu Gurutzmendi haurreskola, San Ignacio herri ikastetxea eta Adurtza ikastola, baita Adurtzako pilotalekuaren eta San Ignacio futbol klubaren instalazioak ere.
Banakako eta taldeko 300 bat alegazio-idazki aurkeztu dituzte Hegoaldeko elkarte eta bizilagunek, Udalari eskatzeko gasolindegia jartzearen ondorioak azter ditzala.
Proiektuaren aurka daudela adierazi dute: “Hegoaldeak ez du beste gasolindegi bat behar, eta are gutxiago eraiki nahi den lurzatian. Hegoaldeak ez du behar lehendik dauden azpiegiturak eta zerbitzuak kokaleku berrietan eraikitzea, berez zaila den egoera larriagotzen baitute. Hegoaldeak irtenbide bat behar du hiriaren ekialde-mendebalde ardatzeko joan-etorrietarako. Erakundeek herritarren interesak eta ongizatea benetan zaintzea eta benetan eragiten diguten arazoentzako irtenbideak bilatzea behar du auzoak”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!